Peruko Zilar Iruzurtia Nafarroan

1640. hamarkadaren bukaeran izugarrizko iskanbila hedatu zen Espainietako erresumen eta baita hein handi batean Europako lurralde guztietan zehar. Peru-ko lurraldeetatik, Indietako ontziteriak urtero ekarritako 8 eta 4 errealetako txanponek ez zituzten beharrezko zilar pisu eta legeak betetzen.

Errealek 931 milesima inguruko zilar zilegitasuna zuten garai hartan (11 diru eta 4 grano) eta legediaren arabera, erreal unitate bakoitzeko 3,43 gramotako pisuan izan beharrean ziren. Horren ordez, Potosi-ko txanponetxean landutako txanponek 25% zilar balio galera izateraino iristen ziren.

1647.urtean Potosi-ko txanponetxean (P Izkia) landutako 8 errealetako alea – 21 gr eta X izpien analisiaren arabera 81% zilar edukiera – Z izkiak Pedro Zambrano entsegatzailea adierazten du, iskanbilan nahaspilatua

Merkatariek ez zuten Peru-ko txanponik onartzen bere zerbitzu eta erosgaien ordainean, soldaduak matxinatzeko zorian zenbiltzan, bizia zilar onaren truke jartzen bait zuten soilik jokoan. Erregetzaren izen ona etenik gabe zimeltzen zihoan; azken urteetan izandako larrialdi monetarioek, oraingoan iskanbila ere bazekarten korapilaturik.

Gertatutakoaren antza susmatu nahi izan ezkero, pentsa ezazue gaur egunean zer gertatuko litzatekeen poltsikuan ditugun 50 eta 20 eurotako diru paperen heren batek, bapatean 40 eta 15 eurotako balio berria jasoko balute…eta galera guzti hori norberaren golkora gainera!

Izan ere, errege kontseiluak irteera posible bakarra erabaki zuen. Hispaniar erregetzaren erreinu guztietan Peru-tik ekarritako txanponak bildu eta erretiratzeko agindua zabaldu zen. Nafarroako erresuma ez zen salbuespena izan, Iruñan 1650. urtearen urriak 29.ean eta azaroak 24.ean argitaratutako agindu banek jarraitu beharreko prozedura argitzen zuten.

Jorge Marín de la Salud idazleak 1975. urtean argitaratutako “La moneda navarra y su documentación: 1513-1838” liburuak 1650. urtearen urriak 29.ean argitaratutako aginduaren zehaztasunak ematen ditu.

1650. urteko urriaren 29.an Iruñan argitaratutako errege aginduaren azala

Laburpen bezala, errege aginduak Peru-ko txanponetxean (hau da, Potosiko txanponetxean) landutako zilarrezko txanponak adituen aurrera ekarri beharra adierazten zuela esan dezakegu. Adituak txanponak legezkoak zirela esan ezkero, jabeari bueltatuko zitzaizkion baina kontrako kasuan, agintariek giltzapean jartzen zituzten. Giltzapeko txanponen kopurua eta jabea idatzi ondoren, txanponak zituzten kutxak Iruñara eraman beharrean ziren non txanpon etxeko adituek eman beharreko konpentsazioak finkatuko zituzten. Aldi berean, Mexiko eta Gaztelako txanponetxeetan landutako aleen onarpena derrigortzen zuen eguneroko salerosketetan. Hamar egunetako epean, jabetzan zituzten Peruko txanponen berri eman beharrean zen biztanleria, gainerakoan salatarien kontura, norberaren txanpon ondasunak galtzeko arriskupean zen.

Espero zitekeenez, 1650. urteko errege aginduek nahasketa eta mesfidantza baino ez zuten ekarri. Gaur egunean fidegaiztasuna badiogu estatuko erakundeei, pentsa ezazue zer nolako proposamenak egiten zituzten garai haietan…nik neuk faltsukeriaz landutako txanponak emaizkidazu eta kitatuko dizkizuk noizbait zorrak, eman beharreko trukea nik neuk erabaki ondoren! Ah, eta horrez gainera, txanponak Iruñara garraiatzearen kostuak zu zeu, txanpon jabedunaren kontu!

1651. urteraren martxoaren lehenengoan beste probisio edo errege agindu berri bat argitaratu beharrean izan ziren. Nafarroako liburutegi digitalean irakurgai da errege agindu hau eta biziki gomendatzen diot edonorri irakurraldia (bibliografian xehetasun guztiak, baina hona hemen esteka: Binadi – link)

1651. urteko martxoaren lehenengoan Iruñan argitaratutako Peru-ko txanponei buruzko azken errege aginduaren azala

Martxoak lehenengoaren aginduak egoera korapilatsuaren laburpena egiten du lehenik, azken finean ezinezkoa edo oso neketsua bait zen, txanpon zilegikoak ahuletatik desberdintzea eta ondorioz merkataritzaren erabateko gainbehera ematen ari zen. Mesfidantza eta ziurgabetasunak ez dira salerosketentzat bidailagun egokiak.

Ondorioz, errege probisio berriak, on edo txar, Peru-ko lurraldeetan landutako zortzi eta lau errealetako txanpon zahar guztien bilketa agindu zuen. Zortzi errealetako txanponen truke, 6,75 erreal jaso beharrean ziren jabeak, Mexiko eta Gaztelako txanponetxeetako edo Iruña bertako txanponetxean landu beharreko erreal txanpon berritan. Lau errealeko txanponen truke, 3,375 erreal berri jasotzekotan ziren. Orohar neurri honek, Peruko txanponen jabeei %16 inguruko galerak eragozten zizkien.

Edonorrek zuen bere txanponak alde batera bereizirik sailkatuta uztearen eskaera egiterik. Txanpon hauek banandurik galdatzen ziren, eta lortutako zilarra, legezko zilegitasunez egindako txanpon berritan eraldatzen zen, gastu eta zergak murriztu ondoren.

Martxoak lehenengoko dokumentu honek, 1651. eta 1652. urteetan Iruñako txanponetxean landu ziren zilarrezko txanponen jatorria bermatzen digu azkenik:

1651. urteko Martxoaren 1.an Iruñan argitaratutako Peru-ko txanponei buruzko aginduaren aterakina

Izan ere, berrogei bat urtez inolako zilarrezko txanponik landu gabe egon ondoren, Iruñako txanponetxeak erreal erdi, erreal bat, bi erreal, lau erreal eta zortzi errealetako aleak landu zituen berriro ere. Ez dakigu zenbat ale landu ziren, ez da erregistrorik gelditu baina gaur egunean bildumazale gutxi batzuen eskuetan baino ez dira aurkitzen eta enkantetxeetan urtetik urtera irtetzen dira salmentan.

1651. urteko 8 errealetako ale ezagun bakarra – 27,34gr – 37mm – Madrilgo Arkeologi Museo Nazionala

Aurkia: PHILIPVS.D.GRACIA REX P VIII

Ifrentzua: CASTELLE.ET.NAVARRE 1651

1651. urteko 4 errealetako ale ezagun bakarra – 13,49gr – Jesus Vico enkantetxea 2013. Azaroak 7 – 5000€ –

Aurrealdea: PHILIPVS.D.G REX P IIII

Atzealdea: CASTEL.ET.NAVARE 1651

2024. urte hasieran 1652. urteari dagokion 4 errealetako ale ezagun bakarra eta paregabe hau agertu zen Franzia iparraldean. Txanpon honek,  Flandriako lurraldeetan 1652 eta 1672 urteen artean zigilatutako urrezko toisoiaren birzigilua du.

1652. urteko 4 errealetako ale ezagun bakarra 2024. urte hasieran Franzia iparraldean azaldua – 13,26gr 29mm diametroa – Argazkia Eric Thobois-en gortesia

Aurrealdea: PHILIPVS.D.G REX P IIII

Atzealdea: CASTELLE.ET.NAVAR 1652

Flandriako lurraldeetan 1652 eta 1672 urteen artean zigilatutako urrezko toisoiaren birzigilua

1651. urteko 2 errealetako ale ezagunetako bat – 6,25gr – Tauler&Fau enkantetxea 2021. Ekainak 8 – 5000€ –

Aurrealdea: PHILIPVS.D.G REX P II

Atzealdea: CASTELE.ET.NAVARE 1651

 

1651. urteko erreal bateko ale ezagunetako bat – 3,39gr – Tauler&Fau enkantetxea 2021. Ekainak 8 – 2000€ –

Aurrealdea: PHILIPVS.D.G REX P I

Atzealdea: CASTELE.ET.NAVARE 1651

1652. urteko erreal erdi bateko ale ezagunetako bat – 1,55gr – Tauler&Fau enkantetxea 2021. Ekainak 8 – 1800€ –

Aurrealdea: PHILIPVS.DE.GRACI P A

Atzealdea: CASTE.ET.NAVA 1652

Zortzi errealetako ale bakarra da ezaguna, baina gehiago ere landu ziren, hala erakusten dute behintzat Nafarroako Museoan gordetako trokelek. 

Nafarroako Museoan gordetako 8 erreal txanponen atzealdeko trokeletako bat

Garaiera = 39 mm; Zabalera = 43 mm; Diametroa = 40 mm; Pisua = 424,30 gr

+CASTELLE(Lorea)ET(Lorea)NAVARRE(Lorea) 1651

Ikus daitekeenez, trokelak arte ederrez landu ziren baina ezin daiteke gauza berbera esan zilarrezko txanponbudinei buruz. Txanponbudin edo kospelak lodiegiak landu ziren, ondorioz guraize bidez ertzak murriztu eta muxarratu zizkieten pisu egokia doitu arte eta horrenbestez iruditextuen irakurketa osoa erabat ezinezkoa izan ohi da. Aleek erabilera luzea izan zuten eta iritsi zaizkigun gehienek higadura dexentekoa aurkezten dute; tamalez, ebaketen eta higaduraren artean, txanponen arte ederra ezin aztertu ohi da bere osotasunean aleei soilik begiratuz.

Nafarroako Museoan gordetako atzealdeko trokelen kopurua honako hau da, aurkezten duten urtearen arabera sailkatuta (zoritxarrez aurrealdeko trokelik ez da gordetzen):

  Nafarroako Museoan gordetako trokel kopurua
  8 Erreal 4 Erreal 2 Erreal Erreal Bat Erreal Erdia Guztira
1651 7 6 2 5 20
1652 1 2 1 2 6
1653 1 1

Ikus daitekeenez, trokel kopuru handiena 1651. urteari dagokio eta txanpon kopuru handiena urte honetan landu zela ondorioztatu dezakegu. 1653. urteari dagokion trokel bakar bat gordetzen da, 8 errealetakoa. Trokel honek erabilia izan zenaren aztarna argiak aurkezten ditu eta horrenbestez, 1653. urtean gutxienez 8 errealetako aleak landu zirela susmatu dezakegu. Honako kasu honetan ere, gaur egunean ez dugu urte hori daraman inongo aleren ezagutzarik.

Nafarroako Museoak gordetako 1653. urteko 8 errealetako trokel bakarra

Garaiera = 49 mm; Zabalera = 40 mm; Diametroa = 37 mm; Pisua = 488,40 gr

Oso litekeena da erabili ziren trokelen atal bat baino ez iritsi izana gure eskuetaraino, baina orotara gutxienez 300.000 bat txanpon landu zirela zenbatetsi dezakegu (trokel bakoitza gutxienez 12.000 bat aleren lanketan erabili zenaren gerturaketa erabiliz).

Izan ere, txanpon kopuru guzti hau landua zenean, Nafarroako gorteek kexua aurkeztu zioten erregeari. Aspaldidanik, Zangotzako gorteek 1561. urtean aurkeztutako eta onartutako eskaeraren arabera, nafarroako erresuman landutako txanponek nafar erregeen titulu soila eta bertako errege bezala zegokien ordinanala aurkeztu beharra zuten. Horrenbestez 1651, 1652 eta 1653 urteetako trokelen CASTELLE ET NAVARRE iruditextua aintzinako foru eta ohituren aurkakoa zen.

Hona hemen 1652. urteko gorteen kexa (jatorrizko gaztelanieraz):

La moneda de plata que se labrare solo lleve por orla; «Philippus, Dei gratia Navarrae Rex».

Pamplona. Año de 1652. Ley 51.

En la moneda de plata que ha labrado últimamente el maestro mayor y thesorero de la Casa y seca de ella de este reino, se ha puesto por orla este título y letrero: Philippus Dei gratia Castellae & de Navarrae Rex, año 1651, 1652, 1653, y esto no es conforme a lo que está dispuesto por la Ley 2, quaderno segundo de las Cortes de el año 1576, que es la Ley 5 del lib. 5, tít. 6 de la Recopilación de nuestros Síndicos. Por reparo de agravio se pidió que no se hiciesse novedad alguna en razón de la provissión que aquella contiene, que es la Ley 46 de las Cortes de Sangüessa del año de 1561, que es la 2 del mismo título de la Recopilación; y por ella se mandó que el letrero de la parte de las armas diga: Philippus Dei gratia Navarrae Rex, y en esto quedó reparada esta Ley 5. Y supuesto que la dicha moneda nueva de plata está labrada contra lo dispuesto en ella y en la dicha Ley 2, suplicamos a Vuestra Magestad mande que de aquí adelante no se pueda labrar en este reino moneda de plata que sea con el letrero de la que ahora se ha labrado; y que el haverse labrado aquella como esta con el letrero que tiene, no pare perjuicio a las dichas leyes ni se traiga en conseqüencia; y que la que se labrare de aquí adelante haya de llevar por letrero: Philippus Sextus Dei, gratia Navarrae Rex, que en ello, etc.

Decreto.

A esto os respondemos que se haga como el reino lo pide.

Eskaera honek, 1576. urtean Iruñan salatutako kontraforu bati egiten dio aipamen. Kasu honetan Gonzaga erregeordeak, Felipe II. Espainietako erregearen agintealdian zehar hartutako erabaki baten aurkako errekurtsoa deskribatzen du. Gonzaga erregeordeak Felipe Espainietako eta Nafarroako errege bezala aurkezten zuten txanponak lantzeko agindua eman zuen, eta erregearen ordinalaren atalean Gaztelari zegokion bigarrena erabili zuen. Gorteek erregeari gogorarazten zioten, Nafarroako txanponetan Navarrae Rex agertu behar zela soilik Espainietako erregetzaren aipamenik gabe eta bere Nafarroako erregetzaren ordinala laugarrena zela bigarrenaren ordez.

Argi erakusten du errekurtso honek 1652. urteko gorteek berriro ere erabilitako argudioa:

Pamplona. Año de 1576. Ley 2. Quaderno 2.

Por la Ley 46 hecha en las Cortes de Sangüessa en el año de 1561 se mandó batir moneda de vellón, tarjas de a diez y seis cornados, y medias tarjas con una cruz y un letrero; en la otra con las armas de Navarra, como en la dicha Ley parece. Y no solo no se ha cumplido lo contenido en ella, más antes haviéndose novedad no acostumbrada en este reino por el dicho Vespassiano Gonzaga, visso-rey, se mandó mudar el letrero que donde antes decía: Philippus Dei gratia Navarrae Rex, diga: Philipus Secundus Hispaniarum, & Navarrae Rex. Lo qual es contra las leyes y costumbres y juramento real de Vuestra Magestad. Porque en este reino nunca en la moneda que se ha batido por Vuestra Magestad y por el emperador y rey cathólico su padre y abuelo, y los demás reyes que han sido en este reino, se han puesto sino reyes de Navarra, y no de España; pues aquella la hace como solo rey de Navarra, y en respecto de ella tampoco se puede decir: Philippus Secundus, sino Quartus;
y si a esto se diesse lugar, demás que sería en daño del reino, es también agravio de él, por ser contra sus Fueros, Leyes y costumbres juradas. Suplicamos a Vuestra Magestad mande que no se haga novedad alguna en razón de la dicha provissión contra las dichas leyes y costumbres de este reino; y se guarde de la dicha Ley de Sangüessa en el batir de las tarjas, y medias tarjas, armas, y letras de ellas.

Decreto.

A lo qual respondemos que quanto se huviere de batir moneda, se haga por la orden y forma que el reino lo pide.

Ez dago esaterik 1652. urteko gorteen kexek 1653. urtea agertzen zuten zortzi errealetako txanponen lanketa eragotzi zuten, gordetako trokelaren erabilera arrastoek ez dute hori susmatzeko arrazoirik ematen behintzat. Hala ere, gorteek eskatutako iruditextuak Iruñako txanponetxean inoiz landutako zilarrezko txanponik haundienetan agertu ziren, berrogeitamar errealetako aleetan alegia.

Berrogeitamar errealetako ale hauek, “cincuentín” bezala ezagunak, 1609 eta 1682. urteen artean landu ziren. Berrogeitamarrekoen lanketa Segoviako txanponetxean egiten zen, bertako ur errota bidez mugitutako arrabola laminatzaile eta grabatzaileek osatutako lantegia apartekoa bait zen erresuma guztian, 73mm eta 170 zilar gramo inguruko ale hauen lanketa ahalbidetzen zuen bakarra.

Tradizioz oroigarrizko eta ospezko txanpontzat hartu izan dira berrogeitamarrekoak, ale berezi hauek monarkiaren gertakari garrantzitsuak nabarmentzeko nahietan lantzen bait ziren. Era berean, Sevillara ailegatzen zen zilarra Segoviako errota txanponetxera erakartzeko bide bezala erabiltzen zituzten, hau bait zen koroak zuen txanponetxe „industrial“ pribilegiatua, berrogeitamerrekoak landu zitzazkeen bakarra. Horrenbestez, merkatari askok txanpontze lizentzi bereziak jaso zituzten, beren zilarra balio handi horretan gordetzeko interesa bait zuten, eta badirudi kalean zirkulazioan izatera iritsi zirela, oso kopuru txikian izan bazen ere.

Segoviako txanponetxeko ur-errotek mugitutako arrabola laminatzaile eta grabatzaile bidez landutako 1651. urteko berrogeitamarrekoa – 174,2 gr

Aurrealdea: PHILIPPVS IIII D G 50 I (I (Hipólito de Santo Domingo Entsegatzailea)

Atzealdea: HISPANIARVM REX 1651

Hala ere berrogeitamarrekoak, ez ziren Segovian soilik landu. Aipatutako 1652. urtea agerian duten berrogeitamarreko aleak, kopuru ezezagunean landu ziren Iruñako txanponetxean. Horrenbestez, euskal txanponetxe batean landutako zilar txanponik handienak sortu ziren. Eta sortutako kopuru ezezagunetik, lau ale baino ez omen dira iritsi gure egunetara. Hala ere, lau ale posible hauen erreferentzia nik behintzat ezin izan dut bermatu. Bi ale erabat bermatu daitezke, Nafarroako museoari eta azken berrogei urtetan izandako enkanteei begiratu ezkero. Enkantetxeek emandako argibideen arabera, bildumazale pribatu baten eskuetan dagoen hirugarren ale bat ere bermatu daiteke. Laugarren alearen erreferentziarik ezin izan dut aurkitu. Hona hemen aurkitutako aleen historiari gainbegirada.

Lehenengoa Nafarroako museoak du erakusgai ezaugarri hauekin:

Garaialdia:                           Felipe VI. Nafarroako erregea, Felipe IV. Espainietako erregea

Mota:                                   Berrogeitamarrekoa, 50 erreal, “Cincuentín”

Urtea:                                   1652

Txanpon-etxea:                   Iruñako txanponetxea

Ertza:                                    Erregularra, akatsduna hala ere

Ertzaren Grabatua:              ————–

Metala:                                 Zilarra, 931 milesima edo 11 diru eta 4 granotako zilegitasuna

Diametroa:                          73 mm, lodiera 4,45 mm

Pisua:                                   Ale honek 168,60 gr

Kopurua:                             Landutako kopurua ezezaguna, gure egunetaraino 4 ale iritsi omen dira

Txanpongintza:                  Fundizio bidez

Txanponetxeburua:           José de Lizarazu txanponetxeburu nagusia

Grabatzailea:                      Ezezaguna

Nafarroako Museoan eraskusgai den berrogeitamarrekoa – Diametroa = 73 mm; Lodiera = 4,45 mm; Pisua = 168,60 gr

Aurrealdea: PHILIPPVS VI D GRACIA PA 50

Atzealdea: NAVARRE REX ANO 1652

Bigarren alea, Aureo & Calico enkantetxeak salmentan jarri zuen 2021. urteko Abenduaren 15ean. Errematea 55.000 eurotakoa izan zen eta 18% komisioa kontutan harturik, erosleak orotara 64.900 euro ordaindu zituen ale liluragarri honengatik. Nire ustetan, ale honek zilarrezko euskal ale batengatik inoiz ordaindutako kopururik haundiena jaso du, baina ikusiko dugunez, ez azken salmenta honetan.

Aureo&Calico enkantetxeak 2021. abenduaren 15ean eskeinitako berrogeitamarrekoa 171,76 gr – 55.000 eurotako errematea

Kasu honetan bideo baten bidez gozatu dezakegu ale hau: Bigarren Berrogeitamarrekoaren Bideoa.

Hurrengo ale historiko hau, Numismatica Ars Classica AG Zurich-eko enkantetxeak jarri zuen salmentan 2002 urteko martxoak 18an (laster 20 urte beteko dira). Salmenta honen liburutxoaren argazkia beheko hau da, kasu honetan 85. alea izan zen Nafarroako berrogeitamarrekoa. Argazkiari begiratuz, ale hau Aureo&Calico enkantetxeak saldutakoaren berbera dela uste dut, hau da bigarren ale bezala deritzoguna.

Ale honek, 2002 urteko martxoak 18.an 130.000 CHF suitzar frankotako errematea jaso zuen. Garai haietan euro batek 1,47 suitzar frankotako balioa zuela kontutan harturik, honek 88.000 euro inguruko errematea emango liguke. Hau litzateke zilarrezko euskal txanpon batek inoiz jasotako preziorik garaiena. 

Numismatica Ars Classica AG enkantetxearen 22. salmentaren liburutxoaren argazkia – 2002 martxoak 18 – 85. alea – 130.000 CHF  – 171,43 gr

Beste ale historiko bat Numinter Madrilgo enkantetxeak jarri zuen salmentan 1981. urteko apirilak 30ean (laster 41 urte beteko dira). Enkantetxe honen liburutxoak lau aleei buruzko erreferentzia egin zuen. Hona hemen liburutxoari ateratako argazkiak:

Numinter enkantetxea: 1981. urteko udaberri salmenta alearen argazkia – 1981 Apririlak 30 – 374. alea – 1.500.000 pezeta irteera prezioa (gaur eguneko 9.000 Euro)  – 171,46 gr – Erremate prezio ezezaguna

Numinter enkantetxea: 1981. urteko udaberri salmenta liburutxoaren argazkia – 1981 Apririlak 30 – 374. alea 

Argazki hau berriro ere arretaz aztertu ondoren, nik honako ale hau berriro ere bigarren ale bezala izandatu duguna dela esango nuke. Aurrealde eta atzealdeak aurkezten dituzten konkrezioen arrastoak eta gingilek agertzen dituzten kolpe aztarnak, aurreko argazkien leku berberean direla esango luke nire usteak. Hiru salmentetan emandako pisua ez da erabat parekoa, baina oso gertuan da kasu guztietan (171,76gr, 171,43gr, 171,46gr).

Enkante honetan saldutako 374. ale honek 1.500.000 pezetatako irteera prezioa izan zuen (gaur eguneko 9.000 Euro). Erremate preziorik ezin izan dut aurkitu.

Hirugarren berrogeitamarreko bat, berrogeitamarrekoen bilduma zabal bat duen bildumazale anonimo baten eskuetan omen da. Laugarrenaren berririk ez dut. Normala denez, ez dut hirugarren edo laugarren ale hauen argazkirik biltzeko aukerarik izan. Goiko liburutxoetako baten arabera, hirugarren ale bat Ezpeletako kontearen eskuetan zen XIX mende bukaeran eta Alois Heiss-ek bere liburuan barneratu zuen. Geroago, nafar bildumazale oso ezagun batek, ba omen zuen beste ale bat XX. mendearen bukaeran…baina publikoki, enkanteetan behintzat ez da beste alerik agertu.

Baina zergatik eta nola landu ziren berrogeitamarretako ale hauek, gorteek bidalitako keixaren ondoren? Aditu zenbaitzuren ustez, ale hauek gorteek salatutako bidegabekeria kitatu edo orekatzeko xedearekin egin ziren. Eta zinez esan behar da, bai ale hauek eta bai geroago 1658-1659 urte parean landutako zilarrezko aleek gorteek eskatutako iruditextuak agertzen dituztela. Baina hemen ere ba da xehetasun aipagarri pare bat. Gorteek garbi azaldu zuten erabili beharreko iruditextua, hau da “Philippus Sextus Dei gratia Navarrae Rex” eta txanponen kasuan, “D. GRACIA NAVARRE REX” eta “ANO” latinezko “anno”-ren ordez agiri dira. Hau da latinezko iruditextuen gaztelaniazko arrunketa argi ageri da ospezko txanpon berezi hauetan.

Esan bezala, ez dakigu berrogeitamarretakoen landutako kopurua, ezta 1652. urtean edo eta geroago landu ziren gorteen kexuaren oroigarri bezala, edo eta zein pertsonaiek jaso zuten ale bat. Argi da ez zirela kopuru handian landu eta ziur aski Nafarroako erresumako agintari goienek baino ez zuten bere alea jaso.

Baina nola landu ziren? Iruñako txanponetxeak ez zuen Segovia-ko txanponetxearen mailako instalaziorik, hemen txanponak mailuz emandako golpez lantzen ziren eta ez errebola laminatzaile eta grabatzaileen bidez. Donapaleun bertan, urte horietan bertan hasi ziren bolantezko prentsa berrien bidez txanpon aleak lantzen, baina Donapaleuko prentsa berberak ere ez ziren gai 173 gramo inguruko ale erraldoi hauen lanketarako.

Gordetako aleen analisiari esker, txanpon hauek fundizio bidez egin zirela esan dezakegu. Baina ez dugu aparteko datu gehiegirik, ez bait dugu erabilitako moldeen edo lanketa prozeduraren berririk. Hoztutako moldetik atera ondoren, alea garbitu egiten zen eta grabatzaile maisuek xixel bidez grabatuen ertzak hobetzen eta nabarmentzen zituzten.

Benetako erronka suertatuko zen Iruñako txanponetxeko errementarientzat honako aleen lanketa, ziur aski zenbait huts eta prozedura aldaketa izan zituzten gaur egunetaraino iritsi zaizkigun aleak landu ahal izan zituzteneraino. Nafarroako museoak ale hauen lanketarako egindako trokel bat gordetzen du, ia hamar kilotako trokela! Trokel hau mailu edo prentsa hidrauliko bidezko lanketa sahiekeraren batean erabili zutela pentsa dezakegu, edo beste hobeago baten faltan, galdaketa moldearen parte bezala edo molde hauen sorketa prozesuan erabili zutenaren ideia bota dezakegu.

Nafarroako Museoak gordetzen duen berrogeitamarrekoaren trokel bakarra

Garaiera = 280 mm; Zabalera = 115 mm; Diametroa = 76 mm; Pisua = 9963 gr

Bukatu aurretik asken iruzkin bat. XVII. mendean zehar, Iruñako txanponetxeak kobrezko txanponetan kateak erabiltzen zituen Nafarroako armarria irudikatzeko orduan. Baina 1651-1653 urteen arteko zilarrezko ale guzti hauetan ikus dezakegunez, kateak baino karbunkoaren antza duen irudia agertzen da. Kasualitatea, txiripa? Ikusi dugunez, kasualitateak ez du lekurik ohi izaten txanponen lanketan baina auskalo!

Felipe VI. nafarroako erregearen 1622. urteko 4 kornadotako alea – 3,99gr – Kateen irudikapena argi ikus daiteke dagoeneko

Esker-ematea: Blog sarrera honen lanketarako oso baliagarriak izan diren datuak baliatu dizkit Aureo&Calico enkantetxeak. Eskerrak! 

Bibliografia:

LOS EFECTOS DEL “”GRAN ESCÁNDALO” DE POTOSI EN ESPAÑA – Francisco Jovel, Roberto Jovel – link

LA MONEDA NAVARRA Y SU DOCUMENTACION 1513-1838 – Jorge Marin de la Salud – 1975

CATÁLOGO GENERAL DE LA MONEDA DE NAVARRA – Ricardo Ros Arrogante – 2013 – Altaffaylla argitaretxea

Provision en que se prohibe la moneda vieja del Piru, de Reales de a ocho, y de a quatro : y se manda la registren, y manifiesten todos los que la tuuieren, en esta Ciudad de Pamplona so las penas en ella establecidas : y se ofrece satisfacion pronta de ella a los que la registraren – 1651 Martxoak 1. – Binadi – link

Novíssima Recopilación de las Leyes del Reino de Navarra (Pamplona 1735) Tomo II, LIBRO V, TITULO VI: DE LA MONEDA (LEY XII) – link

Quaderno de las leyes, ordenanzas, prouisiones, y agrauios reparados a suplicacion de los tres Estados deste Reyno de Nauarra, en las Cortes de los años 1652, 1653, y 1654 por … Felipe Sexto : con acuerdo de los del Consejo Real … y Cortes, que se celebraron en esta ciudad de Pamplona -Ley 51, pag 105 – Binadi – link

LA COLECCIÓN DE UTILES DE ACUÑACION DEL MUSEO DE NAVARRA – Egile ugari – 2003

CINCUENTIN DE PAMPLONA 1652- BLOG NUMISMATICO – Adolfo Ruiz Calleja – link

GENEALOGÍA DE LOS LIZARAZU, CONDES DE CASA REAL DE MONEDA – Iñaki Garrido Yerobi y Jorge Rivera Sánchez – 1998-1999 – link

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

4 thoughts on “Peruko Zilar Iruzurtia Nafarroan”

  1. ¡Excelente!
    No conocía este blog y encontrarlo ha sido una grata sorpresa. Es estupendo tener un blog dedicado a la moneda navarra.
    Eskerrik asko!!
    Adolfo

  2. Pingback: Peruko Zilar Iruzurtia Nafarroan

  3. Pingback: 1589, Hiru Erregeen Urtea | Euskal Txanpongintzaren Historia

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude