Karlos VII – Oñatiko 10 Pezeta Xentimo

Garaialdia: Borboi eta Austria-Este-ko Karlos VII.a, erregegai karlista, II. gerrate karlista

Mota: 10 Pezeta xentimo

Urtea: 1875

Txanponetxea: Oñati, Gipuzkoa. 100.000 aletako saila, 1875.eko urri eta abendu artean

Ertza: Laua

Metala: Kobrea edo Brontzea

Diametroa: 30 mm

Pisua: 10.0 g.

Txanpongintza: Txanpongintza Makina, Thonnelier edo Thonnelier-Fossey Prentsa bidez agian

Txanponetxeburua: Ezezaguna, O.T inizialak, agian Oñatiren erreferentzia moduan

Grabatzailea: Ezezaguna, O.T inizialak, agian Oñatiren erreferentzia moduan

Aurrealdea:

Aurrealdeko Hitzak: – CARLOS VII P.L. GRACIA DE DIOS REY DE LAS ESPAÑAS, lirio lore bat lelohasieran.

Aurrealdeko Deskribapena: Karlos VII.aren busto erramuduna, eskuinetara begira, eta lepoaren azpian O.T zeinua, agian grabatzailearena, agian Oñatiren erreferentzia, esanahi ezezaguna. Erretratuaren inguruan perla zirkulu bat, goian aipatutako iruditextu edo leloa inguratuz.

Aurrealdeko Hitzulpena: Karlos VII.a jainkoaren graziari esker Espainietako errege.

Atzealdea:

Atzealdeko Hitzak: – 10 CENTIMOS DE PESETA, 1875 lirio eta bitxilore baten artean

Atzealdeko Deskribapena: Errege koroaren azpian Gaztela-Leoiko Ezkutua (Espainietako armarri laburtua) eta honen erdian Borboi etxearen ezkutu txikia, azpialdean Granadaren ikurra. Ezkutuaren oinarriaren inguruan, erramu koroa irekia. Ezkutu ertzetan, C7 (Karlos zazpigarrenaren) bi anagrama koroatuak. Osagai guzti hauen inguruan perla zirkulo bat, goian aipatutako iruditextu edo leloa inguratuz. 1875. urtearen inguruan lirio eta bitxilore (Margarita) lore bana, azken hau erregegaiaren emaztearen omenez, Borbon-Parma-ko Margarita.

—-

Arrakasta militar batzuren ondoren, eta Hego Euskalherriko biztanle ugariren babesarekin, karlistek estatu txiki hasiberria sendotzen sahiatu ziren. Karlos VII.ak, 1873-ko erdialdetik 1876-ko hasierara arte, de faktu gobernatu zuen hego Euskalerriko lurralde gehiengoan. Hiriburuetan, Nafarroako erribera eta herri eskax batzuetan baino ez ziren mantentzen liberalak, Irun, Getari edo Hernani kasuko Gipuzkoan. Lizarran hiriburua zuen gobernu egonkor bat antolatu zen, non ministerio antolamenduak honako atalak zituen: Gobernua, justizia, hezkuntza, aldundi eta batzar nagusiak, prentsa eta gerra. Zigor Kodea argitaratu zen, Justizia auzitegi gorena, aduanak, posta zerbitzua…Oñatin, 1874an unibertsitatea berrireki ondoren, 1875.ean errege txanponetxea kokatu zen. Bere burujabetasunaren ikur moduan, On Karlosek monetaren jaulkipena agindu zuen.

Karlos VII.aren Hego Euskal lurraldetako posta zigilua

Bigarren karlistadan sortutako txanponak bi txanponetxetan eta oso arrazoi ezberdinengatik sortu ziren: alde batetik, Oñatin ofizialki sortutakoak; eta, bestetik, Bruselan, Karlos VII.aren erretratuarekin sortutako zilarrezko duro garesti eta eztabaidagarriak. Azken hauek, gaur egunerarte dakigunaren arabera, ez ziren Gobernu Karlistak baimendutako edo agindutako emisioak izan.

5 eta 10 Peseta xentimoko txanponak, karlistek ofizialki jaulkitako bakarrak, Oñatin txanpondu ziren 1875eko urria eta abendua bitartean. Egile honek dakienez, historian zehar Gipuzkoan sortutako txanpon ofizial bakarrak dira. Oraindik ere, katalogo eta argitalpen ugaritan Bruselan egindakoak bezala ageri dira (ale hau bera erositako enkanteak Bruselan eginda bezala izendatzen zuen), baina gaur egun Oñatin egin zirela erabat frogatuta dago.

Karlos VII.aren 5 xentimo – Oñatiko txanponetxea 1875 – 25mm – 5 gr OT hizkiak

Karlos VII.aren 10 xentimoren beste ale bat – Oñatiko txanponetxea 1875 – 30mm – 10 gr OT hizkiak

Txanpon hauek Oñatin egin zirenaren behin betiko konstantzia frogagarria “el Cuartel Real” egunkarian argitaratutako aginduan dago. Tolosan, 1875eko abenduaren 18an, garai hartako karlisten egunkari ofizialaren 318. zenbakian, honako hau agertzen da:

“Secretaría de Estado y del Despacho de Hacienda

Real orden

Illmo. Sr.: S.M. el Rey (Q.D.G.) se ha servido acordar se pongan desde luego en circulación las monedas de bronce de 10 y 5 céntimos de peseta, acuñadas en la Real Casa de Moneda de Oñate.
Lo que de Real orden comunico a V.S.I. para su inteligencia y efectos consiguientes.
Dios guarde a V.S.I. muchos años.- Real de Durango 15 de Diciembre de 1875.- El Conde del Pinar.- Illmo. Sr. Tesorero general de Castilla.”

Bi txanponak, kobrezkoak edo ziur aski brontzezkoak ziren; berunezko frogak ere ezagutzen dira. 5 xentimokoak 25 mm-ko diametroa eta 5 gramotako pisua du, eta 50.000 aletako saila landu zuten. Bestalde, 10 xentimokoak, 30 mm-ko diametro eta 10 gramotako pisuarekin, 100.000 aletako saila izan zuen. Bi kasuetan, ertza leuna da.

Txanpon hauek, 1865.etik aurrera, Frantziako Frankoaren inguruan sortu zen Latindar Moneta Batasunaren estandarraren arabera diseinatuak eta eginak dira. Pezeta, 1868ko urrian sortu zenean, estandar honen arabera eratu zen (nahiz eta ofizialki batasunaren kide ez bazen ere). Txanpon karlistek, nolabaiteko antzekotasunak dituzte diseinuan, garai hauetan Frantziako gobernuek eta Espainiako behin-behineko gobernuak egindako balio, pisu eta diametro bereko txanponekin. Baina disenuaren aldetik, antzekotasunik haundiena Isabel II.aren ezkutuaren 5 xentimoko txanponarekin igartzen diot, nahiz eta 5 xentimo hauek Latindar Moneta Batasunaren estandarra ez jarraitu, eta ondorioz pisu eta diámetro ezberdinak izan.

Napoleon III.aren Franko 10 xentimo – 1865 – Pariseko txanponetxea – 10,0gr – 30,0mm Diametroa

Behin behineko gobernuaren Pezetaren 10 xentimo – 1870-1876 – Bartzelonako txanponetxea – Oeschger, Mesdach & cia – – 10,0gr – 30,0mm Diametroa – Txakur haundia bezala ezaguna euskaldunen artean

Frantziako III errepublikaren Franko 10 xentimo – 1870 – Pariseko Txanponentxea – – 10,0gr – 30,0mm Diametroa

Isabel II.aren Ezkutuaren 5 xentimo – 1868 – Jubiako txanponetxea – 12,5 gr – 32,0 mm Diametroa – Oeschger, Mesdach & cia

Isabel II.aren eta behin behineko gobernuaren xentimuak, Oeschger Mesdach & cia enpresak egiten zituen, Madrilgo gobernuaren kontratupean.

On Karlosen bi txanponen kasuan, trokelen ohiko kokapenarekiko, atzealdea 180 gradu biratuta dituzten aldakiak ere aurkitu daitezke. Halaber, ale gehienek akats bat dute atzealdean, bereziki koroaren oinarri edo/eta borboien hiru lirio loreak dituen erdiko ezkutuan; honako hau trokelaren akats baten ondorioa da, eta ez erabilerak eragindako higadurarena. Izan ere, gerraren amaiera aldean jaulkitako txanponak izan zirenez, erabilera urria izan zuten eta txanpon asko oroigarri gisa gorde ziren.

Nere ale honek bereziki, ez du koroaren oinarrian azaldutako akatsaren arrasto handirik, baina hiru lirio loreen ezkutuan aipatuako erliebe-akatsa garbi azaltzen du. Halaber, Karlos VII.aren irudiaren azpian dauden grabatzaile edo txanponetxeari dagokizkion O.T hizkietatik, T hizkia galdu du.

Errege Txanponetxea, Cornelio Garay Zuazubiscar jaunaren Oñatiko poxpolo-fabrikan ireki zen, On Cornelio, liberala izanik, 1874.an hiria utzi eta Valladoliden babestu baitzen. Gaur eguneko “Hijos de Juan de Garay” enpresa (Juan aldi berean On Cornelioren semea), jatorrizko poxpolo fabrikaren lur eremu berdinetan aurkitzen da oraindik.

Oñatiko txanponetxeko material guztia alfonsinoek atzeman zuten 1876ko martxoaren 3.an Oñatiko herria hartu zutenean. Gertaera horren aurretik, “Karlisten duroa” deritzaion oroitzapenezko dominaren trokelak ere istripuz suntsituak izan zirela dirudi. Gaur egun, Oñatin egindako 5 eta 10 xentimoko txanponen matrizeak, Baionako Euskal Museoan ikustatu daitezke. Baiona izan zen Frantziako hegoaldean Karlismoak izan zuen gune logistiko garrantzitsuenetarikoa, eta matrizeak han gelditu ziren Karlistek gerra galdu eta atzerriratu ondoren.

Goian aipatutako Oñatiko “karlisten duro” hori, On Karlosek, 1875.eko urrian, errege txanponetxearen irekieraren omenez egindako domina bat da. Domina horren atzealdeak gertaera horren erreferentzia argi bat azaltzen du. Aurrealdean armarri koroatu bat agertzen da. Armarri horren barruan “CVII” anagrama grabatua dago, eta honen inguruan erramu eta olibondo adarrez egindako koroa ireki bat azaltzen du. Domina, zilarrezko eta kobrezko aleetan eman zen, eta hiru armarri tamaina desberdin dituzten aldakiak ezagutzen dira.

Dominaren tamaina eta pisua (diametroa 37 mm eta pisua 25 gr), garai hartako zilarrezko duroen berdinak ziren, eta ondorioz, gerraren amaieran, 5 pezetatako balio idatzia ez eraman arren, hauen moduan zabaltzea ere lortu zuten denbora mugatuz. Horregatik, “karlisten duroa” deitzen zaie, eta hala deskribatzen dute Madrilgo Arkeologia Museo Nazionalean ikusgai den ale baten azalpenean.

Onatiko errege txanponetxearen irekieraren omenez sortutako domina. „karlisten duroa“ bezala ere ezagutua

Lehen esan dugun bezala, Oñatiko txanponez gain, Bruselan, Karlos VII.aren erretratuarekin sortutako duro eztabaidagarriak ere azaldu ohi dira enkanteetan. Txanpon hauen inguruan Auguste Brichaut (Brusela 1836 – Paris 1897) jaunaren izena agertzen da beti. Brichaut, lanbidez ingeniari zibila, 1866 eta 1873 urteen artean Bruselako txanponetxearen entseatzaile edo ikuskatzailea izan zen. Belgikako errege numismatika sozietatearen kidea, 1870 eta 1874 urteen artean sozietatearen liburuzaina izatera iritsi zen. Urte hauen amaieran, 1873.an, badirudi Paris aldera joan zela bizitzera, eta ikusiko dugunez kontratista edo bitartekari moduan ibiliko da txanpongintza eta domina projektu ugaritan.

Adrien Hippolyte Veyrat (1803-1883) grabatzailearekin eta Jean Baptiste Würden (1807-1874) eta Henri Charles bere semearen zilar eta domina tailerrarekin oso erlazio estuak izan zituen, eta oso litekeena da ondoren aurkezten diren 1874.ko hiru txanpon hauek hirukote honen lana izatea.

Non sortu zen Brichaut eta Karlisten arteko lotura? Lehenengo lotura, Karlistek 1873.an Kataluniako Berga hiria hartu ondoren sortutako oroigarri dominan dagoela dirudi. Ikusi daitekeenez, domina horretan azaltzen den On Karlos-en erretratua, 1874.ko Bruselako txanponetan berrerabiliko da.

Baina Bergako dominek, María de las Nieves, Karlos VII.aren koinataren oroipenen arabera, ez zuten Bruselan sorburua, Austrian eginak omen ziren.

Karlistek Berga hiria hartu ondoren sortutako oroimen domina – Kobrea 34mm 18,37gr – 1873 inguruan

1874. urtea azaltzen duten hiru txanpon mota desberdinek, Bergako dominaren erretrato berdina agertzen dute. Kasu batean latinezko (nahiz eta GRACIA erabili GRATIA-ren ordez), edo eta latin eta gaztelaniaz bat egindako idazki nahasiak aurkezten dituzte.

Erretratoaren azpian, P.BEMBO irudimenezko grabatzailearen izena ageri da. Izengoiti hau, Veyrat grabatzailerena edo Brichaut berarena izan liteke. Veyrat, Belgiako Bruselako txanponetxearen grabatzailea zen eta ondorioz izengoitia erabiltzea normala izango litzateke. Atzealdean, Fernando VII.aren garaiko Espainietako armarri laburtua azaltzen dute, 5 Pezetatako balioa, kasu batzuetan Kataluniako ezkutu txikia eta bestetan karlisten “DIOS, PATRIA Y REY” leloa.

 

Bruselan sortutako Karlos VII.aren 5 Peseta edo duroa. 1. Alea – 1874

Bruselan sortutako Karlos VII.aren 5 Peseta edo duroa. 2. Alea – 1874

Bruselan sortutako Karlos VII.aren 5 Peseta edo duroa. 3. Alea – 1874

Baina zein zen duro hauen eginkizuna? Batzuen ustez, karlisten jarraitzaileak saritzeko edo karlisten alderdi bera finantzatzeko sortutako aleak izan zitezkeen. Hala ere, „La España Carlista“, 1886.an (gerratea bukatu eta hamar urtetara) argitaratutako liburuan, Melgar-eko konteak, On Karlos-en idazkariak, argi uzten du bere ikuspuntua. Belgian egindako duro hauek ez zuten karlisten baimenik edo onarpenik eta bere egileek, txanpon bildumazaleen artean irabazi ederren truke saltzeko intentzioz egindakoak ziren.

Horrenbestez, horaingoz, ez dago Brichaut eta karlisten arteko lotura argirik. Orain arte ikusiaren arabera, Brichaut eta bere kideak, fantasiazko txanponak sortuz, salmenta eta irabazi ederrak egiten ibiltzen ziren oportunista talde bezala deskribatu ditzakegu.

Bruselan sortutako Karlos VII.aren 5 Peseta edo duroa. 4. Alea – 1885

Baina ez ziren hor gelditu Karlos VII.aren fantasiazko duroak. 1885.urtean, tuberkulosiak jota, 27 urte baino ez zituenean, gazte hil zen Alfonso XII. erregea. Ez zuen oinordeko bizirik utzi, baina Maria Cristina erregina haurdun zen eta haurra (Alfonso XIII. izango zena) hurrengo sei hilabetetan jaioko zen.

Berriro ere ezegonkortasuna ezarri zen Espainiako erregetzaren inguruan eta askoren ustez, karlisten altxamentu berria gertatzear zen. Momentu honetan berriro azaldu ziren Karlos VII.aren Bruselako duroak.

Duro honi, 1874ko duroen erretratu berdina mantenduz (erramu koroaren zintaren luzapenarekin halaber), latinezko iriditextuak eta Oñatiko xentimo txanponen armarri eta atzealdeko diseinu orokorra erantsi zizkioten. Ez dago P.BEMBO grabatzailearen aipamenik (Veyrat 1883. Urtean hil zen eta ziur aski grabatzaile berria bilatu behar izan zuten), eta honen ordez gariburu bat aurrealdean eta E izkia atzealdean ageri dira. Iruditextuaren inguruan, Lirio lorez egindako kanpoaldeko zirkuloa agertzen dute.

Eztabaida berdinaren azken atala, 1876 urteko 50 xentimoko zilarrezko txanpon urriak izango lirateke. Beheko irudian ikusi daitekeenez, txanpon honek 1885. urteko duroen latinezko iruditextu berdina du eta Oñatiko 5 eta 10 xentimoen elementu asko birrerabiltzen ditu; OT hizkiak, atzealdeko armarria, lirio eta bitxilorea, eta C7 anagrama.

1876. urteko “Revue Belge de Numismatique” aldizkarian, R. Chalon-ek entsegu garaian aurkitzen zen txanpona zela adierazten du. Nolabait, mila ale baino ez zirela sortu zabaldu zen txanpongintza bildumaliburuetan. 5 eta 10 xentimoko txanponak jaulgi ondoren, zentzuzkoa izango litzateke Karlistek segidan 50 xentimoko balioa merkaturatzea. Baina Karlistek 1876. urtearen hasieran gerratea galdu ondoren, txanpon honen merkaturatzea eten beharrean izango ziren.

Arrazoiketa hau zentzuzkoa dirudi eta ziur aski, zentzuzkoa irudituko zitzaien garai hartako txanpon bildumatzaileei. Baina bestaldetik, Karlisten txanpon eta domina guztiek, gaztelerazko iruditextuak zituzten eta latinezko iriditextuen garaia dagoeneko iraganeko gauza zen. Berriro ere Brichaut eta bere kideen lanaren aurrean eta fantasiazko txanpon sorta baten aurrean egon ginatekela pentsa dezakegu hasiera batean.

Karlos VII.aren 50 xentimo – 1876 – OT hizkiak

Baina Baionako Euskal museoari idatzi ondoren, Museoak honako hau bermatu zidan: 50 xentimoko txanponaren matrizeak, 5 eta 10 xentimoko txanponen matrizeen ondoan, Baionako euskal museoan aurkitzen dira. Orain dela urte batzu arte jendeaurreko erakusketan ziren, baina gaur egunean museoaren fondoetan aurkitzen dira.

Karlos VII.aren 50 xentimoko txanponaren matrizeak (zirkulu barruan) eta 10 eta 5 xentimoko txanponen matrizeak – © Baionako Euskal Museoa – Baionako Euskal Museoaren Gortesia

Bost Pezeta Xentimo matrizeen gertuko irudia – Reverso12 Leyendo Monedas Blog idazlearen Gortesia

Bost xentimo matrizeen gertuko irudiak, txanpon trokelak nola sortzen ziren adierazten digu. Matrize hauek, geroago txanponek izango duten erliebe positibo berbera dute. Matrizeak txanpon trokeletan tinkatu hondoren, trokelek txanponaren irudi negatiboa jasoko dute. Trokel hauen bidez, txanponbudin edo kospela kolpekatu ondoren, txanponek erliebe positiboa jasoko dute berriro ere. Baina, matrizeek ez dituzte geroago trokelek izango dituzten elementu edo letra guztiak. Atzealdeko matrizeak adibidez, urteari dagokion azken zenbakia falta du, hau da bost zenbakia. Aurrealdeko matrizeak berriz, gabatzailearen OT inizialak falta ditu. Bi elementu hauek, trokelen gainean puntzoien bidez geroagoko pausu batean inprimatzen ziren.

Baionako museoko matrizeen agerpenak, 50 xentimoko matrizak, Euskal Herriko karlisten eskura iritsi zirela baieztatzen du. Brichaut eta karlisten arteko loturen froga ere izan daiteke. Baina 50 xentimoko txanponak Oñatin jaulki zirela frogatzen al du? Adituen iritziaren arabera, 50 xentimoko txanponen jaulkipenaren kalitateak, Oñatiko 5 eta 10 xentimoko txanponen kalitate maila erabat gainditzen du.

Ondorioz, 50 xentimoko txanponak ez zirela Oñatin egin esan dezakegu. Litekeena da, Brichaut eta bere kideek, entsegu guxi batzuk Bruselan egin ondoren, matrizeak eta txanpon ereduak Euskal Herrira bidali izana. Hurrengo pausoa, 50 xentimoko txanpon eta matrizen azken ereduak bateratzea eta eraikitzea izango litzateke, Oñatiko errege txanponetxean txanponketa lanak hasi ahal izateko. Baina gerraren bilakaerak eta 1876. urtearen hasierako karlisten erbesteratzeak pauso guzti hauek bertan beheran utzi zituzten.

Hemen gelditzen al dira Brichaut eta karlisten arteko loturak? Orain arte, Brichaut diseinuen eta matrizeen hornitzaile bat izan zitekeela esan dezakegu, baina hipotesiak bota ezkero beste lotura posible bat aurkitu daiteke.

Nondik irten ziren Oñatiko txanponentxean, 150.000 txanpon egiteko beharrezkoak izan ziren kospel edo txanponbudinak? Oñatiko txanponentxeari buruz ez zaigu informazio gehiegirik iritsi baina nahiko argi dirudi txanponetxeak ez zuela horrenbeste txanponbudinik hilabete t‘erdian egiteko fundiziorik. Horrenbestez, txanpon hauen kospelak, kanpotik etorri zirela dirudi, karlistek merkatu librean erosi zituzten, latin moneta batusunaren patroien hedaduraz baliatuz.

Esan dugunez, Brichaut 1873. urtean Paris-era joan zen bizitzera eta dirudienez Oeschger, Mesdach & cia enpresarekin merkataritza harremanak izaten hasi zen. Louis-Gabriel Oeschger eta Louis Charles-Marie Mesdach de Ter Kiele Jaunek 1848. urte inguruan Parisen erregistratu zuten enpresa hau, Pariseko txanponetxeko zuzendariarekin horniketa akordio batera iritsi indoren. Auguste Brichaut berak honako hau idazten du „Revue Belge de Numismatique“ aldizkariaren 1878. urteko ale batean, Oeschger Mesdach & Cia enpresari buruz:

„Louis Mesdach jauna, Saint-Charles asiloaren sortzailea, Biache Saint-Vaasten (Pas-de-Calais), Oeschger jaunarekin batera, Frantziako garrantzitsuenen artean dauden fundizioak, laminatzaileak eta moneta-fabrika bat ditu, baita Ougréeko industria-establezimenduak ere, Belgiako Liejatik gertu.

Hamar urtez, Oeschger Mesdach & Cia etxeak 6.550.000 brontzezko txanpon kilogramoz hornitu du Espainia, Isabel II.aren irudiarekin hasieran, eta, ondoren, Espainiako irudiarekin (behinbehinko gobernua), hirurogei milioi bostehun eta berrogeita hamar mila liberako balio nominalarekin.

Gaur egun, kontratu berri batean lan egiten ari da, gutxienez 2.500.000 kilogramotakoa, hogeita bost milioi liberako balio nominalarekin eta Alfontso XII.a erregearen irudiarekin. Metala urtu, aleatu, laminatu, moztu, hesitu eta zuritu ondoren, hitz batean kospel edo txanponbudinak sortu ondoren, lehenengo tren bidez Marseilaraino eta onderen barku bidez Bartzelonako Errege Moneta Etxera bidaltzen dira. Han, Bartzelonako txanponetxean, enpresaren hogeita zortzi Thonnelier txanpon prentsen bidez sortzen dira txanponak.

Oeschger Mesdach & cia-ren fabrikek 1.800.000 kilogramo edo hamazortzi milioi liberako balio nominalaz hornitu zuten Italiako gobernua, hamar xentimoko kospel edo txanponbudinetan. Fabrika berberek kospelak eta brontzezko, kobre gorrizko eta nikelezko txanponak egin zituzten Alemania, Belgika, Brasil, Frantzia, Errumania, Grezia, Egipto, Luxenburgo, Aita Santuen Estatuak, etabarrentzat“

Brichaut-ek lehen eskuko datuak zituen Oeschger Mesdach & cia enpresaren jarduerari buruz. 1993. Urteko Revue Belge de Numismatique aldizkarian irakurri zitekeenez, 1881eko apirilean, Auguste Bieswalen (Belgikako errege elkarte numismatikoaren kidea) omenezko dominaren harpidetzaren formularioa Auguste Brichauten izenean bidal zitekeen, bai Bruselako rue des Six Jetons 48 helbidera, edo baita Parisko rue Saint-Paul 9 helbidera. Hala ere, azken helbide hau ez da Brichaut-en etxe helbidea; Helbide honetan dago kokatuta Oeschger, Mesdach eta Cie enpresaren egoitza, beranduago Eschger, Ghesquiere et Cie deitua L. Mesdach erretiratu ondoren. Brichaut, Oeschger Mesdach eta Cie enpresaren ordezkari eta bitartekaria zen.

Oso litekeena da Brichaut, Oñatiko txanponetxeak 5 eta 10 xentimoko txanponak egiteko beharrezkoak izan zituen 1250 kgr txanponbudin edo kospelen hornitzaile bitartekogintza lanetan ibili izana eta kospel hauek Oeschger Mesdach eta Cie enpresak hornitu izana. Adituen esanetan, Oñatin erabilitako brontzea Bordel eta Baiona aldetik sartu zen hego Euskalherrira.

Azken galdera bat gelditzen zaigu oraindik. Nondik irten zen Oñatiko txanponetxean txanpongintza lanetan erabilitako makina edo makinak? Bi hipotesi nagusi botako nituzke galdera honi erantzuteko asmotan.

Lehenengo aukera, txanpongitza makinak Oeschger, Mesdach eta Cie enpresa berak salduak edo mailegatuak izan izanak litzateke. Oso aukera sendoa da, enpresa berberak Bartzelonako txanponetxean hogeitazortzi Thonnelier makina zituen garai berdinean eta ez dugu ahaztu behar ez dakigula zer pasa zen, 1868. urteko Jubia, Segovia eta Sevilla-ko txanponetxeen itxieraren ondoren, Oeschger, Mesdach eta Cie-k bertan zituen makinekin. Agian hauetako batek Oñatin bukatu al zuen?

Baina Thonnelier txanpon prentsei buruz hitz egin ezkero, badago lotura bat txanpongintza makina hauen eta Euskal Herriaren artean. Eta lotura honek bigarren aukera posible batera zuzenduko gaitu.

Uhlhorn diseinatzaile alemaniarraren ideiatik abiatuta, Thonnelier frantziarrak, lurrinez eragindako bere txanpon prentsagintza makina diseinatu zuen 1833 urtean. Lehen urteetan porrot erlatiboa izan ondoren, Thonnelierrek, beste enpresa batzuei kontzesioak egin zizkien euren Thonnelier makinak egin zitzaten, eta, beraz, bere modeloak, askotan beste enpresa batzuen izenekin agertzen dira.

Xehetasun garrantzitsu bat Edward Fossey ingeniari ingelesarekin izan zuen harremana da. Fossey-k berarentzat lan egin zuen, 1824an Parisen muntatu zuen tailerraren buru bezala, eta, gainera, bere suhi bihurtu zen. Parisko lantegiak, hasiera batean, inprententzako makinak egin zituen, eta, ondoren, bolante eta moneta-prentsak egiten ibili zen.

Izan ere, Fossey izan zen, bere eskuetara iritsi ziren Uhlhornen makinaren zirriborro batzuk interpretatzen jakin ondoren, 1834 inguruan lehen Thonnelier prentsa prototipoa sortu zuena. Bere aitaginarrebaren tailerrak, espero ziren emaitzak ematen ez zituenez, Fosseyk Paris utzi zuen. Gertaera honen urte zehatzik ez dugu, baina 1847an, Rue Trois Bornes-en zegoen tailerra, Thonnelier eta Fossey-ren izenpean agertzen da oraindik.

Esan dugun bezala, Thonnelierren prentsaren ezarpena korapilatsua izan zen Frantzian, eta horrek Fosseyk bere aitaginarrebarekin bideak banatzea eragin zuen. Frantzian, Thonnelier prentsaren ezarpena 1846, 1849 edo 1852 urteetan finkatzen da, iturrien arabera bertsio desberdinak daude. Francisco Paradaltasen arabera, Thonnelier prentsaren Espainiako lehen bertsio librea, 1840an Edward Fosseyk egin zuen Bartzelonako Valentin Esparoren tailerretan. Ondoren tamaina handiagoko beste bi prentsa fabrikatu zituzten tailer berdinean, hirurak Kataluniako hiriburuko txanpon etxearentzat. Esparó tailerrak, La Barcelonesa fabrikarekin bat egin zuten 1855-1856 urteetan, oso ezaguna izango zen La Maquinista Terrestre y Marítima sortuz.

Edward Fossey-k, Bartzelonan Thonnelier pentsak eraiki ondoren eta Paris utzi ondoren, euskal sozio batekin (José María Arcelus lasartearrarekin), 1848-1849 urteen artean, mota guztietako makineria eraikitzeko tailer bat sortu zuen Lasarten. Hasiera batean, enpresaren izena “Construcción de Máquinas de Eduardo Fossey” izan zen. Geroago, kapital kidetza aldatu ondoren “Fundición de Hierro y Construcción de Máquinas Fossey, Goicoechea y Cía” deitzera pasa zen 1865 urtean. Olibetatik olioa ateratzeko prentsa hidraulikoak, ardoa lortzeko prentsak, gaztelutxoak, errota ornigai eta tresnak edo lurrun-makinak izan ziren empresa honetatik ateratako makinak.

Fossey, Goicoechea y Cia enpresak, 1873.ko Abuztuaren 20.an Molinos de Lasarte enpresari bidalitako faktura

Baina Edward Fossey, txanpon prensa munditik zetorren, 1867an, moneta-prentsaren eredu berri bat sortu zuen Lasarten eta Parisko erakusketa unibertsalean aurkeztu zuen. Han, Alfred Borrelek grabatutako oroitzapenezko bi domina egin zituen, bata frantziarra, aurrealdean Napoleon III.ren irudia zuena, eta bestea espainiarra Isabel II.arenarekin. Domina honen atzealdean, bai gazteleraz edo bai frantsezez honako hau dio: “Medalla acuñada en el palacio por la prensa monetaria de Fossey-Thonnelier y Cia Maquinistas en Lasarte de Guipuzcoa”

Fossey-ren prentsa bidez egindako Napoleon III.aren domina – Parisko Erakusketa unibertsala – 1867

Fossey-ren prentsa bidez egindako Isabel II.aren domina – Parisko Erakusketa unibertsala – 1867

Fossey-ren prentsa bidez egindako dominaren atzealdea – Parisko Erakusketa unibertsala – 1867

Prentsa eredu berri honek, (berez Thonnelierren izena ez luke eraman beharko), errotuluen diseinuan, presio sisteman, enbragean, eta esku mekanikoaren eta birolatik txanpona ateratzeko mekanismoetan hobekuntzak ekartzen zituen. Aurrez aurre, tenplu greziar baten itxura zuen, alde bakoitzean bi zutabe doriko zituelarik, triglifo eta metopazko friso baten gainean zen tinpano batez koroatua.

Fossey-ren prentsaren irudia – 1867 – Aine Armangaud (Ikusi Bibliografia)

Pariseko erakusketa unibertsaleko txanpon prentsa, Turkiako gobernuak (Otomandar inperioaren gobernuak) erosi zuen. Arrazoizkoa litzateke, proba garai baten ondoren, Fossey-ren enpresak makina gehiagoren eskaria jaso izana.

1893. urteko Gazette de Biarritz-Bayonne et Saint-jean-de-Luz-eko artikulu batek Edward Fossey, hogei urte lehenago hil zela adierazten du, honen arabera beraz, 1873. urtean. Gerrateraren ostean, 1876.an, enpresak dagoeneko ez du Fossey-ren izenik, Goicoechea y Cía izena jaso zuen.

Nolanahi ere, 1874. urtearen udaberrian, Bilboko setioaren aurrean, Gipuzkoako tropa liberalen kokapena birrantolatu zen eta ondorioz karlistek Lasarte kontrolpean hartu zuten. Agian, bertako Fossey enpresan txanpon prentsa bat aurkitu ondoren, uneren batean Oñatira garraiatu zuten (Lasarte fronte eremutik gertuegi zen).

Brichaut-en bitartekaritzaren bidez, matrizeak eta kospelak lortu ondoren, Fossey makina bat izan al zen 1875. urte bukaeran Oñatiko txanponak sortu zituena? Zoritxarrez ez dut daturik adierazpen hori baiezteko edo ezeztatzezko. Agian, etorkizunak datu eta dokumentu berrien bidez, galdera guzti hauei erantzungo die.

Beti bezala, ondo esanak gogoan hartu, eta gaizki esanak barkatu…ah eta ahalean jakinerazi.

Bibliografia:

NUMISMATICO DIGITAL – LAS MONEDAS DE CARLOS VII (1874-1876) – Jesús Martín Alías –link 

NUMISMATICO DIGITAL – Condecoraciones carlistas durante la Tercera Guerra Carlista 1873-1876 (I) – Jesús Martín Alías –link 

NUMISMATICO DIGITAL – Condecoraciones carlistas durante la Tercera Guerra Carlista 1873-1876 (II) – Jesús Martín Alías –link 

BLOG DE JULEN NUMISMATICA – MONEDAS CARLOS VII-CECA DE OÑATI (OÑATE) – Julen Numismática –link 

5 CENTIMOS DE CARLOS VII 1875. DOS BUSTOS – LEYENDO MONEDAS/NUMISMATICA – Blog de Reverso12 –link 

WIKIPEDIA – CARLOS DE BORBON Y AUSTRIA-ESTE – link 

WIKIPEDIA – TERCERA GUERRA CARLISTA – link 

WIKIPEDIA – MARGARITA DE BORBON PARMA – link 

WIKIPEDIA – UNION MONETARIA LATINA – link 

FOROS DE IMPERIO NUMISMATICA – Autore eta sarrera ugari – link 

DE CASAS DE MONEDA A FÁBRICAS DE DINERO. DE LA PRENSA DE VOLANTE A LA PRENSA THONNELlER – Julio Torres, Museo Casa de la Moneda – link

EL MUNDO LABORAL DE LASARTE ORIA – Antxon Aguirre Sorondo – 2011- link 

Publication industrielle des machines outils et appareils les plus perfectionnes et les plus recents employes dans les differentes branches de l’industrie francaise et etrangere tome 17 textes et planches – Ainé Armengaud – 1867 – link 

LA PESETA: NUEVA UNIDAD MONETARIA Y MEDIO DE PROPAGANDA POLÍTICA (1868-1936) – Dr. Jose Maria de Francisco Olmos – 2013- link

REVUE BELGE DE NUMISMATIQUE – R Chalon et L. De Coster – 1875 – link 

REVUE BELGE DE NUMISMATIQUE – R Chalon et L. De Coster – 1876 – 312-313 Orrialdea – link

REVUE BELGE DE NUMISMATIQUE – R Chalon et L. De Coster – 1878 – Oeschger, Mesdach & Cia – 445-446 Orrialdea – link 

REVUE BELGE DE NUMISMATIQUE – Autore ugari– 1993 – Auguste Brichaut-i eta Oeschger, Mesdach & Cia buruzko aipamenak – link

AMERICAN NUMISMATIC SOCIETY – David Thomason Alexander – 2015 Issue 3 – 38-39 Orrialdea – link 

MEDAL PRODUCERS IN BELGIUM (19th – 21st Century) – Stefan de Lombaert – 2015 Issue 3 – 38-39 Orrialdea – link 

COINAGE – PRETENDER COINS – Numismatic Neverland – David Thomason Alexander – 2015 – 8 Orrialdetik aurrera – link 

CONDECORACIONES CARLISTAS REQUETES – Antonio Prieto Barrio, Jaume Boguñá Borraja – 2010 – link 

* beharrezko atalak

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

2 thoughts on “Karlos VII – Oñatiko 10 Pezeta Xentimo”

  1. Pingback: Luis II – Azken Ezkutu Laurden Sobiranoak • ZUZEU

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude