Erriberri-Olite, 1264. urteko maiatzak 31,
In Dei nomine. Sepan todos aquellos qui esta present carta veran et oyran [que nos don] Thibalt, por la gracia de Dios rey de Nauarra, de Campaynna et de Bria, conte palazin veyendo et conosciendo et auido [bono] conseillo que es nuestro drecho de abater la moneda et que seria grant nuestra pro, et nos por piedat ueyemos que grant perdida seria todo nuestro pueblo de nuestro regno de Nauarra, et por escusar tan maynna perdida como es ytar de moneda, todo el conceyllo de Olit an fecho esta auinença [et compra] de moneda con nos el deuandito rey, assi que nos an feyto tal seruicio por [tanto?] de que nos tenemos bien por pagados.
Orain dela aste batzuk ospatutako Munitx-eko Numismata txanpon azokan, ezusteko bat izan nuen. Ez nuen euskal txanponik aurkitzeko itxaropenik, baina izan ba ziren eta azkenean Tibalt I.a, Nafarroako erregearen diru eder batekin itzuli nintzen etxe aldera.
Tibalt I (1234-1253) Nafarroako erregearen, (era berean Tibalt IV (1201-1253) xanpaina eta Brie-ko kontea) izenean landutako Nafarroako zilarrezko dirua
Aurkia: + TIOBALD REX (Gurutze Zangozabala)
Ifrentzua: DE NAVARIE (Provins-eko gaztelua eta azpian Santxo VII indartsuaren txanponen Ilargi eta Izarra)
Aspaldi nebilen txanpon hauen inguruan irakurketan, eta ale hau eskuratu ondoren honako sarrera hau idaztea erabaki nuen. Sarrera honen oinarri, Miguel Ibañez Artica, Juan Carrasco eta bereziki Ma Raquel Garcia Arancon-en “Teobaldo II de Navarra 1253-1270, Gobierno de la Monarquia y Recursos Financieros” lanak izan dira. Baina ardatz nagusi bezala, Tibalt II.ak 1264. urteko maiatzak 31.an Erriberri-ko hiriari igorritako gutuna hartuko dugu. Gutun honetan, txanponketa zerga moduan Erriberriko hiriari eskatutako ekarpenaren ordaina jaso zuela bermatzen du aipatutako erregeak. Txanponketa erregearen eskubidea omen zen, irabazi mardulak ematen zizkiona, baina era berean galera handiak ekar zitzazkieken bere herritarrei. Hori ekiditeko zerga hau eskatzen zien erregeak; baina zergatik eskaera hori eta zer zen garai hauetako txanponketa zerga hau?
Tibalt I.a, Xanpaina eta Bria-ko kontea, Frantziar erresumako jaun feudal garrantzitsuenetarikoa, Antso VII. nafar erregearen iloba zen eta honen oinordeko bilakatu zen, 1234. urtean Antso seme-alabarik gabe hil zenean.
Antso VII (1194-1234) Nafarroako erregearen izenpean landutako Nafarroako zilarrezko dirua – 0.76 gr
Aurkia: :SANCIVS REX (Antsoren aurpegiaren irudia)
Ifrentzua: NAVARRORVM (Ilargi barnehutsa eta sei aldetako izarra)
SOLER Y LLACH SUBASTA NUMISMÁTICA 1115 Lot 386 15.10.2020
Xanpainako konterria, garai haietako Europa mendebaldeko lurralde garatuenetarikoa zen, konterriko lau hiritan (Provins eta Troyes hauen artean) ematen ziren Xanpainako azoka famatuei esker. Azoka hauek, Europa iparraldeko, bereziki Flandria eta Frantziako, eta Europa hegoaldeko, bereziki Proventza eta Italiako ekoizkinen hartuemanak ahalbidetzen zituzten. Erreferentzia bezala zera esan dezakegu; 1260. hamarkada aldera, bere nafar lurraldeetatik jasotako zerga eta isunak Tibalt II. Nafarroako erregeari 150.000 sueldotako urteroko diru sarrerak ematen zizkion bitartean, xanpainatar lurraldeek 600.000 bat sueldotako diru ekarpenak sortzen zizkion. Hau da xanpainatar ekonomiaren tamaina nafarrarena bezain lau aldizkoa zen.
Xanpainatar lurraldeen kokapena Frantziako erresumaren barnean XII. Mendearen bukaeran – Wikipedia Commons
Xanpainatar konte etxeak txanponketa usadio luzea zuen, baina bai Tibalt III. eta bai Tibalt IV.a, bi Tibalt konte hauen ereduak geroago Nafarroan landuko diren txanponen aintzindari zuzenak bihurtu ziren:
Tibalt III (1197-1201) (Tibalt I. Nafarroako erregearen aita) xanpaina eta Brie-ko kontearen izenean landutako Provins-eko zilarrezko dirua – 1.03 gr, 20mm
Aurkia: + TEBALT COMES (Gurutze zangozabala, omega izkia bere hirugarren laurdenean, besantea lehen eta laugarrenean eta alfa izkia bigarrenean)
Ifrentzua: CASTRI PRVVINS (T izkia bi besanteen artean. Txanponak sinbologia nabaria du; bere eremuan, hau da frantsesez CHAMP, orrazki bat ageri du, hau da frantsesez PEIGNE)
SOLIDUS NUMISMATIK, AUCTION 80, LOT 1538 01.06.2021
Tibalt IV (1201-1253) (1234. urtetik aurrera Nafarroako errege) xanpaina eta Brie-ko kontearen izenean landutako Provins-eko zilarrezko dirua – 1.00 gr, 19mm
Aurkia: + TIBAT COMES (Gurutze zangozabala, omega izkia bere lehen laurdenean, ilargia bigarren eta hirugarrenean eta alfa izkia laugarrenean)
Ifrentzua: CASTRI PRVVINS (Provins-eko gaztelua. Txanponak sinbologia nabaria du, bere eremuan, hau da frantsesez CHAMP orrazki bat ageri du, hau da frantsesez PEIGNE)
ANCIENT AND MEDIEVAL COINS CANADA, AUCTION 2, LOS 328 09.11.2019
Xanpainatar azoka hauen sustatzaile eta bultzatzaile ziren xanpainatar konte familiaren etorrerak, eraberritze eta berriztatze ederra ekarri zion Nafarroako koroari. Tibalt I. errege berak hogeitamar urte pasatxo zeramatzan konterriaren buru Nafarroako errege birhurtu zenean.
Gobernu era berriek, bertako usadio zaharrekin egin zuten topa eta negoziaketa, presio eta liskarrak ugariak izen ziren. Eztabaida guzti hauen islada Nafarroako Foru zaharra 1238. urtean idatziz jarri izana izan zen.
Txanpon sistemaren egiturari begiratzen badiogu, Europa mendebaldeko garai hauetako sistema monetarioa karolingiar garaietatik ezarritako diru eta diru erdi (edo meaila, meaja edo obolo) delakoetan sustatzen zen. Diruak txikiak ziren (18 eta 20 mm diametro artean), gramo baten inguruan ziren pisuz eta garai hauetako erregealdiaren arabera, 250 milesimatik gora 333 milesimetarainoko zilar edukia zuten. Meailen kasuan, teorian zilar lege berbera baina diruen pisu erdia izan behar zuten, naiz eta batzuetan zilar legearen aldakuntzak izaten zituzten. Antso VII.aren garaietan landutako diru kopuru handiaren ondoren, nafarroako erresumako diruak diru santxete edo santxete izen soilez ziren ezagunak.
Tibalt I (1234-1253) Nafarroako erregearen, (era berean Tibalt IV (1201-1253) xanpaina eta Brie-ko kontea) izenean landutako Nafarroako zilarrezko dirua – 0.94 gr
Aurkia: + TIOBALD REX (Gurutze zangozabala, eztena laugarren laurdenean) (Adi A izkiaren grafiari)
Ifrentzua: DE NAVARIE (Provins-eko gaztelua eta azpian Santxo VII indartsuaren txanponen Ilargi eta Izarra)
Hervera Subasta 86 – Room auction Lot 500 30.04.2015
Tibalt I (1234-1253) Nafarroako erregearen, (era berean Tibalt IV (1201-1253) xanpaina eta Brie-ko kontea) izenean landutako Nafarroako zilarrezko obolo edo meaila – 0.54 gr, 14mm
Aurkia: + TIOBALD REX (Gurutze zangozabala, eztena laugarren laurdenean) (Adi A izkiaren grafiari)
Ifrentzua: DE NAVARIE (Provins-eko gaztelua eta azpian Santxo VII indartsuaren txanponen Ilargi eta Izarra)
CNG (Classical NUMISMATIC GROUP) Electronic Auction 531 Lot 1485 25.01.2023
Tibalt I.aren txanpon nafar santxete berriek, Antso VII.aren aurpegidun eredua baztertu eta xanpainatar diruena hartu zuten ein handi batean. Aurkian gurutze kristaua jaso zuten eta ifrentzu aldean berriz, Provins hiri xanpaniatarraren gaztelu irudia. Hala ere, gazteluaren azpian, orraziaren ordez, Antso VII.arenaren ilargi eta izarra agertzen dute. Iruditextuak Nafar egokieraren arabera eraldatu baziren ere, Antso VII.aren agintaldiko grafia arrastoak nabaritu ditzazkegu, adibidez A izkiari dagokionean. Txanpon hauen ezaugarri berezia, gurutze kristauaren laugarren laurdenean nabari daitekeen eztena da.
Tibalt II (1253-1270) Nafarroako erregearen, (era berean Tibalt V (1253-1270) xanpaina eta Brie-ko kontea) izenean landutako Nafarroako zilarrezko dirua – 0.93 gr
Aurkia: : TIOBALD REX (Gurutze zangozabala, eztenik gabe laugarren laurdenean) Adi A izkiaren grafiari
Ifrentzua: DE NAVARIE : (Provins-eko gaztelua eta azpian Santxo VII indartsuaren txanponen Ilargia, izarrik gabe)
Aureo & Calicó – Floor Auction 345 Lot 321 13.02.2020
Tibalt erregearen seme eta oinordeko Tibalt II.aren txanponei begiratu ezkero, ereduaren garapen apurkakoa nabaritu dezakegu. Gazteluaren azpian ilargia bakarrik ageri da txanpon hauetan, izarrik gabe eta gurutze aldeko eztena ere desagertua da. Grafiari dagokionez, izkiek grafia gotikoaren hastapenak agertzen dituzte, A izkiak argi erakusten duen moduan.
Nafarroako foruan argi ageri den moduan, erdi aroko erregeek txanpon berria lantzen zuten haien agintaldiaren hasieran. Txanpon berria landu ondoren, berrogei egunetako denboraldia hasten zen Nafarroako erresuman, non erregeak diru truke ohola irekitzen zuen. Diru truke ohol hauetan eta aipatutako berrogei egunetan zehar, nafarrek agintealdi zaharretako diruak diru berrien truke aldatu zitzazketen. Diru truke ohol hauek erresumako hiri eta herri garrantzitsuenetan irekitzen ziren.
Txanponketa ariketa berri orok, irabaziak ekartzen zizkion errege etxeari. Alde batetik, zilarraren kostu eta txanponen balioaren arteko aldea isladatzen zuen „senyorage“ delakoaren irabaziak zeuden, bestetik truke eragiketetan emandako komisio irabaziak. Baina nafar ororentzat, ba zen erregeak izan zezakeen jarduera are tentagarriago baina era berean arriskutsuago bat. Jarduera hori, txanponen legea edo pisua (edo biak aldi berean) gutxiagotzeko tentaldia zen. Hau eginez, ale banakako balio nominal berbera zuten txanpon gehiago landu zitzazkeen errege etxeak, eskuragarri zuen txanpon masa handiagotuz eta epe motzean irabaziak eskuratuz.
Garai haietan oraindik ez zituzten gure egunetako liburu eta teoria ekonomiko mardulak, baina aski ongi bazekiten horrelakoek prezioen igoera (inflazioa) eta nafar gehiengoaren txirotzea zekarrela. Horregatik, hamabi urtetako epean txanponaren balioa irmo mantentzeko eta berririk ez lantzeko konpromezua zin egin arazi zioten aginteartzean (1253. urtean) Tibalt II.a erregeari. Baina epe hori igarotakoan, erregetxeak “monedaje” deitutako zerga eskatzeko ohitura aldarrikatu zuen. Zerga hau aldi bakar batez bildu zitekeen errege ororen agintealdian zehar. Zerga honen bilketaren truke, gainontzeko errege agintaldian zehar txanponaren lege eta pisua mantentzeko (edo kasu batzuetan txanponketa gehiago ez egiteko) konpromezua hartzen zuen erregetxeak.
“Monedaje” zerga honen ordaina egin zuen hirietatik lehenetarikoa Olite-Erriberriko hiria izan zen, hamabi urtetako epea igarotzear zegoenean, eta Erriberriri idatzi zion ordainketa bermatuz Tibalt II. erregeak 1264. urteko maiatzak 31.an. Gutun honi esker, nafar txanpongintzaren historian lehen aldiz, Tibalt II.aren erregealdian landutako diruen lege eta pisua idatziz jaso dugu:
Et nos por […] que uos el dito conceyllo nos auedes pagado, auemos nos firmada esta moneda pora en toda nuestra vida, et que la crescamos et la fagamos obrar de peso de diez et [ocho] sueldos el marco et de ley a quatro menos [pegessa argent fino] et que non y mandemos fer meallas et que non consintamos que nos ni otri faga moneda sinon del peso et de la ley como dito es de suso, et que en fagamos fazer et obrar tanta cada vez que podamos ganar algo […] et que non busquemos nenguna otra carera que por raçon [de] moneda demandassemos, nin fiçiessemos pagar alguna ren a nengun omne ni a nenguna muller del dito conceyllo en toda nuestra vida.
Pasarte honek adierazten duen bezala, Tibalt II.aren diruen zilegitasuna hiru diru eta hemezortzi granotakoa zen; lau diru ken pegessa bat, hau da lau diru ken diru laurden bat. Diru bakoitzak hogeitalau grano zituela kontutan hartzen badugu, diru laurden bat sei grano izango lirateke. Honek gaur eguneko 312,5 milesima ingurutako zilegitasuna emango liguke. Pisuari dagokionez, lanketa marko bakoitzeko 18 sueldo sortarazten omen ziren; sueldo bakoitzak hamabi diru zituela kontutan hartu ezkero, orotara 216 diru emango lizkiguke eragiketa erraz batek. Troyes-eko Marko bakoitzak 244,75gr zituela kontutan hartu ezkero, diru bakoitzak 244,75gr/216 ale = 1,1331 gr/ale -tako pisu nominala izango luke.
Pasarte berberak, Tibault II.aren erregealdi hasierako txanponketek, obolo edo meailek zuten balioaren galera sorrerazi zutela pentsa arazi diezaguke. Gutun honetan, erregeak obolo berririk ez lantzeko hitzematea egiten die Erriberritarrei. Izan ere, Tibalt II.aren oboloen pisu ertaina aztertu ezkero, bere aitarenekin gonbaratu ondoren, semearenak dexente arinagoak direla nabarmendu dezakegu.
Tibalt II (1253-1270) Nafarroako erregearen, (era berean Tibalt V (1253-1270) xanpaina eta Brie-ko kontea) izenean landutako Nafarroako zilarrezko obolo edo meaila – 0.39 gr
Aurkia: : TIOBALD REX (Gurutze Zangozabala)
Ifrentzua: DE NAVARIE (Provins-eko gaztelua eta azpian Santxo VII indartsuaren txanponen Ilargia, izarrik gabe)
AUREO & CALICÓ S.L., SUBASTA 375, LOT 407 20.10.2021
Ma Raquel Garcia Arancon-en “Teobaldo II de Navarra 1253-1270, Gobierno de la Monarquia y Recursos Financieros” eta Juan Carrascoren “El impuesto del Monedaje en el Reino de Navarra (CA 1243-1355)” lanek 1264 eta 1266 urteen artean bildutako “monedaje” zerga honen xehetasunak ematen dizkigute. Dirudienez, Nafarroako erregetxeak esku-hartze militar bat izan zuen Bigorreko konterrian 1266. urtean zehar. Urte horretako erresumaren kontuek, monedaje zerga interbentzio hori ordaindu ahal izateko erabili zela erakusten digute. Baina zenbat diru jaso ohi zen eta zein txanpon erabiltzen zen Nafarroan era honetako ordainketetarako XIII. mendearen erdialdean?
Jasotako diru kopurua itzela izan ohi zen, baina era berean eta ikusiko dugunez, bildutako diruaren zati handi bat ez zen Nafarroako santxete dirutan ordaintzen, Frantziar erresumako diru tournaitarretan baizik. Izan ere, atzerriarekin harremanak zituzten hirietako merkatari eta burgoetako frankoek Frantziako dirutan ordaindu zuten zerga ein handi batean. Bertako hartuemanetan ibiltzen zirenak berriz, santxeteak erabili zituzten nagusiki. Ikus dezagun garai hauetako diru Tournaitar bat:
Luis IX (1226-1270) Frantziako erregearen izenean landutako zilarrezko diru tournaitarra – 1.06 gr 18.5mm
Aurkia: + LVDOVICVS REX (Gurutze Zangozabala)
Ifrentzua: TVRONVS CIVIS (Tours hiriko gazteluaren irudia)
INUMIS, MAIL BID SALE 9, LOT 404 23.10.2009
Diru tournaitar hauen legea nafarrena baino apur bat murritzagoa zen, hiru diru eta hamalau grano, hau da 299 milesima inguru. Lanketa marko bakoitzetik 217 diru tournaitar sortzen ziren eta ondorioz diru bakoitzaren pisu nominala 1,127 gramotakoa zen, nafar diruen pisutik gertu baina zertxobait azpitik.
Nafar kontu liburuek agertzen duten moduan, zazpi diru tournaitar sei diru santxeteren ordez trukatzen ziren, pisu eta lege desberdintasun hauen ispilu. Geroago, mende bukaera aldera 1291. urtean, Frantziako erregetxearen gobernupean, agintariek santxete eta diru tournaitarren arteko erabateko baliokidetasuna ezarri zutenean, jendearen haserrea piztu zen.
Monedaje zerga honen bilketaren bidez 107.826 sueldo santxete eta 254.215 sueldo eta lau diru tournaitar jaso zituen erregeak 1265 eta 1266 urteetan. Ikus daitekeenez, bilketaren 2/3 diru tournaitarretan jaso zen eta heren bat diru santxeteetan. Zerga bilketa honek 325.725 sueldo santxete inguruko diru sarrera eskeini zion bi urte hauetan erregetxeari, erresumak bi urte osotan zehar sarrera arrunten bidez ematen zion bezainbeste.
Monedaje zerga honen ordainketan su edo senitarte bakoitzak bi morabetino edo morabedietako ekarpena egin behar zuen, 1264. urteko abenduak 6.an erregeak Tuterako hiriari bidalidako gutunean agertzen zen moduan. Ehun morabetino baino gutxiagoko ogasuna zuten senitarteek bi urtetan zehar ordaindu zezaketen zerga, morabetino bat urtero, Domu Santuen egunean.
Toledo hirian Alfonso VIII (1158-1214) Gaztelako erregearen izenean landutako urrezko morabetinoa 3,82 gr
AUREO & CALICÓ S.L., SUBASTA 376, LOT 248 17.11.2021
Morabetino hauek Gaztelako erresuman landutako urrezko txanponak ziren, baina txanpon fisikoen erabileraz gain kontu unitate bezala erabiltzen ziren. Erresumako kontu askotan, diru eta sueldoak morabetinoetara eraldatzen ziren, non morabetino bakoitzak 7,5 sueldo edo 90 diru santxetetako balioa zuen (8 sueldo edo 96 diru tournaitar).
Ikusi dugunez, bertan landutako zilarrezko santxeteez gain atzerriko diruen erabilera oso arrunta zen. Muga lurraldeetan bereziki, atzerriko txanponak erabiltzen ziren ornigaiak erosi, obrak ordaindu edo kanpotarren zergak jasotzeko. Hala, bere Aragoiko jopuei Aragoiko diru jakesetan jasotzen zizkion zergak Leireko monastegiak. Gaztelako lurraldeekin muga egiten zuten hirietan berriz, Burgos-eko zilarrezko diruen erabilera ohikoa zen. Baina zer gertatzen zen Behe-Nafarroako lurraldeetan?
Behe-Nafarroan Biarnoko zilarrezko diruak erabiltzen omen ziren nagusiki, morlaastar diruak bezala ezagunak. Diru hauen sorrera XII. mende hasieran irizten da baina ez gara erabat ziur noiz arte landu ziren. Centullo bezala izendatutako konte baten izena daramate aurkian eta ohorea, bakea eta indarraren aipamena ifrentzuan. Orokorrean, zilar lege obeagoko eta pisu zertxobait handiagoko txanpona zen. Horren ispilu, sei diru morlaastar bederatzi diru santxeteren ordainetan trukatzen omen ziren, hau da diru morlaastarrak, santxeteak baino %50 zilar edukiera handiagoa izan beharko luke.
Centulo kontearen izenean landutako biarnoko edo bigorreko zilarrezko dirua (XII. mendea)
Aurkia: CENTULLO COM (Gurutze Zangozabala, bi besante lehen eta bigarren laurdenetan)
Ifrentzua: ONOR FORCAS PAX (PAX hitza bi lerroetan)
AUKTIONSHAUS H. D. RAUCH GMBH, AUCTION 114, LOT 549 16.06.2022
Ikus dezagun nola amaitzen den erregeak Olite-Erriberriri idatzitako gutuna:
Et esta conpra et auinença que a feyto con nos el dito conceyllo, que ualga en toda nuestra vida et non plus, et nengun rey que uiniere enpues nos que non pueda esto demandar por costumne. Et porque esta auinença et compra de la moneda sea firme et ualedera, nos, el sobredito rey don Thibalt, auemos jurado por la Santa Cruz et por los Sanctos Euangelios, que assi lo manterremos como dito es de suso en todo el tiempo de nuestros dias.
Et en testimoniança de todo esto, auemos dada nuestra carta abierta, seyllada con nuestro seyello pendient al nuestro amado conceyllo de Olit, la qual carta fue feyta et dada en Tudela, sabado postremero dia de mayo.
El rey la mando. Miguel Periz la escriuio, anno Domini Mº CCº LXº quarto.
Bere erregealdian zehar txanponketa zerga ez errepikatzea zin egiten du erregeak gurutze eta ebanjelio santuen gainean; era berean, ondorenean etorriko diren erregeentzat horrelakorik ohitura ez bihurtzeko xedea adierazten du. Gurutzadatik bueltan izandako heriotza goiztarrak lehenengo xedea betetzea ahaldu zion Tibalt II.ari; bigarrengoa berriz beste kontu bat zen eta hurrengo erregeek oparoki sartu zuten eskua bere herritarren poltsikuan.
Amaitu aurretik azken ohar bat. Sarrera honen prestaketan nenbilela aipatutako dokumentuaren argazkia eskatu nion Olite-Erriberriko udal artxibategiari. Nire eskaera udal artxibategiko 12. dokumenturantz zuzendu nuen, hau bait da Miguel Ibañez Artica eta Ma Raquel Garcia Arancon-en iritziz, bere liburuetan eta Tibalt II.aren bilduma diplomatikoan aipatzen duten gutun honi dagokion dokumentu zenbakia. Miguel-ek 12. dokumentuaren argazkia jasotzen du bere liburuan eta nik neure argazkiaren kopia jaso nuenean, bide zuzenean nintzela uste nuen, biak bat bait ziren.
Olite-Erriberriko udal artxibategiko 12. dokumentuaren argazkia – Olite-Erriberriko udalaren adeitasuna
Baina jasotako argazkiaren bidez 12. dokumentua irakurtzen hasi nintzenean, irakurritako esaldiak esperotakoekin bat ez zetorztela ohartu nintzen. Dokumentu okerra eskatu eta jaso nuen, baina orduan, non eta zein da dokumentu zuzena? Nafarroako Errege Artxibo Nagusira jotzea erabaki nuen eta han, Peio Monteano irakasle eta artxibo teknikariak bila nebilen dokumentua Olite-Erriberriko udal artxibategiaren 7. dokumentua zela argitu zidan. Eskerrak orrialde xume hauetatik Peiori.
Berriro jo nuen Erriberriko udaletxera, eta berriro ere adeitasun osoz, eskatutako 7. dokumentuaren argazkia bidali zidan udal artxibategiak. Bihotza taupadaz nuen argazkia handitu eta irakurtzen hasi nintzenean; oraingoan bai, dokumentu zuzenaren gainean nintzen.
Guztiontzat hona hemen 1264. urtearen maiatzak 31.an Tibalt II. erregeak Olite-ko herriari Tuteratik emandako gutuna; bejondeigula!
Olite-Erriberriko udal artxibategiko 7. Dokumentuaren argazkia – Olite-Erriberriko Udalaren adeitasuna
Azken urteetan emandako zaharberritze lanek zenbait hitzen ulerpen errazagoa ahalbidetu dute
Bibliografia:
Moneda medieval navarra –Manual de Numismatica – Miguel IbaÑEZ ARTICA – 2021
Navarre under the French influence of the dinasty of Champagne – Miguel IbaÑEZ ARTICA – 2013 – link
Una guerra entre monedas: el “sanchete” navarro contra el “tornés” de Francia – Miguel IbaÑEZ ARTICA – 2006 – link
Tipología de las monedas de Sancho VI y Teobaldo I, reyes de Navarra – Miguel IbaÑEZ ARTICA – 1998 – link
Estudio metalográfico de monedas medievales: Reino de Pamplona-Navarra, siglos XI-XIII – Miguel IbaÑEZ ARTICA – 1998 – link
Les conditions du denier parisis et du denier tournois sous les premiers Capétiens – A. Dieudonné – 1920 – link
Les Monnaies françaises royales, Tome I, Hugues Capet à Louis XII -JEAN DUPLESSY – 1999
TEOBALDO II de NAVARRA (1253-1270), GOBIERNO DE LA MONARQUIA Y RECURSOS FINANCIEROS – M. RAQUEL GARCIA ARANCON – 1985
COLECCIÓN DIPLOMÁTICA DE LOS REYES DE NAVARRA DE LA DINASTÍA DE CHAMPAÑA. TEOBALDO II (1253-1270) – M. RAQUEL GARCIA ARANCON – 1985 – link
REGISTROS DE TEOBALDO II 1259, 1266 – Juan Carrasco – 1999 – link
El impuesto del monedaje en el reino de Navarra (ca. 1243-1355) – Juan Carrasco – 2011 – link
Dineros y Meajas de frontera labrados a nombre del Conde Céntulo en los siglos XI-XII – Manuel Mozo Monroy – 2020 – link
Monnaies féodales de France – VOL3 – Faustin Poey d’Avant – 1860 – link
Monnaies Féodales Françaises – Emile Caron – 1882 – link
Moneda de Euskal Herria – Pablo María Beitia Arejolaleiba – 2018
The County of Champagne (950-1316): a very short introduction– SCHWERPUNKT – Youtube bideoa – link
Rise and Fall of the Champagne Fairs – SCHWERPUNKT – Youtube bideoa – link
Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.
Pingback: Tibalt Xanpainatarraren Monedaje Zerga • ZUZEU
Pingback: Paulo Girardi eta bere Nafar Moneta Txostena | Euskal Txanpongintzaren Historia
Pingback: Katalina Erreginaren Garaiko Biarnotar Txanpon Egitura | Euskal Txanpongintzaren Historia