Baskoniako Dukerriaren Txanponak

Kirmen Uribek dioen bezala, “Zorioneko sentitzen naiz euskalduna naizelako. Oztopoak oztopo, eta erasoak eraso, zorte onekoak gara. Euskara lurra planetaren ondarea da, ez soilik euskaldunona. Gure ardura da zaintzea, badugu guk zorte hori, badugu munduari zerbait eskaintzeko, lurra bera izan dadin anitzagoa.”

Txanpongintza bildumetan gabiltzanok badugu ere ondarea zaintzeko betebeharra. Txanpon hauek badute golpez inprimatutako historia eta artelan zati bat. Mundu horrek badu xarmagarria egiten duen halako zirrara bat. Zertxobait badakizula uste duzunean, berriro ere topatzen dira ezusteko aurkikuntzak, hasieratik ikasi beharreko azterketa berriak.

Horrelakoa gertatu zait niri ere, bapatean zera ikasi behar izan bait dut: Baskoniako dukerriaren azken bihotz taupadek bere txanpon arrastoa utzi ziguten. Euskal txanponak al dira hauek? Beno, era batean ez, Biarnoko txanponekin ikusitakoaren antzera, ez ziren gaur eguneko euskal lurraldeetan txanpondu, baina gure historiaren egitura esanguratsuenetariko baten azken buruzagiek txanpondu zituzten einean, gure historiaren atal garrantzitsua dira; eta horrez gain, Gipuzkoaren erdi aro garaiaren arrasto urritzetako bat dira. Zeintzuk dira beraz txanpon hauek eta zein da bere kontakizuna?

Baskoniako dukerria, kasu batzuetan Gaskoigna-ko dukerri bezala ere deritzotena, VII. mende inguruan sortu zuten Frankoek, Garona ibaiaren iparraldeko Akitaniako dukerrian baskoiek egiten zituzten erasoak kontrolpean jartzeko xedearekin. Erromatarren etorreraren garaietan, Akitania Garona ibaiaren hegoaldeko lurraldeen izendapena zen bitartean, garai hauetan Garona hegoaldeko lurralde hauek Baskoniaren izendapena zuten (ein handi batean behintzat) eta Akitania, Garona eta Loira ibaien arteko lurraldeei zeritzaion. Izendapen aldaketa hau, Augustok Ka. 27. urtean sortutako Galia Akitano probintzia hedatuaren ondorioa izan zen.

Description de cette image, également commentée ci-après

K.O I. eta III. mendeen arteko Galia Akitanoaren antolamentu admistratiboa – Nicolas Eynaud – Wikipedia

Franko merovingiarren basailu izan ziren duke gutxi batzuen ondoren, duke hauek erabat burujabe izatera pasa ziren piskanaka-piskanaka, VII. mendearen bigarren erdialdea abiapuntu harturik. Garai honetatik aurrera, duke desberdinek elkarrekin mantendu zituzten Akitaniako eta Baskoniako lurraldeak errege frankoen domeinua astintzen zuten bitartean. Oto I. handiak (700-735), Akitaniako eta Baskoniako dukeak erdietsi zuen dukerri honen unerik gorenena, Tolosa eta Poitiers-ko guduetan irabazle, arabiarren aurka.

Akitaniako eta Baskoniako dukerria (710-740) – Wikipedia Commons – Zorion

Hala ere, VIII. mendearen lehen herenaren bukaeratik aurrera, Karlos Martel karolingiar frankoak eta haren oinordekoek berriro ere uztaipean jarri zituzten Oto eta bere oinordekoak. Hortik aurrera eta 769. urtea abiapuntu harturik, Karlomagno eta bere ondorengoak ditugu aktore nagusi denok ezaguna dugun gure historiaren atalean; hau da, euskal lurraldeetara ekarritako erasoaldietan, Orreagan izandako bi gudetan, 824. urtean jazotako Iruñako erresumaren sorreran eta horren ezaguna ez den Akitaniako erresumaren sorreran.

Akitania eta Baskoniako buruzagiak euskaldunen eta franko karolingioen arteko harremanetan – Iñaki Lopez de Luzuriaga – Wikipedia Commons

Akitaniako erregetza hau Karlomagno berak sortu zuen 781. urtean eta bere seme Luis Errukitsuaren agindupean jarri zuen. Baskoniako dukeak Akitaniako erregearen uztaipean ziren teorian, baina errebolta, matxinada eta liskarrak eguneroko kontua ziren.

Oraingo honetan, Franko Karolingiarrek Baskoniako dukerrian izandako kontrolaren ispilu ditugu txanpon gutxi batzu. Garai hauetako Akitaniako txanponetxe oparoenak Bordel, Tolosa eta Merle-ko txanponetxeak baziren ere, Baskoniako dukearen lurraldeetan bazen txanponetxe bat, gaur egunean Dax izen frantsesa daramana eta euskaldunok Akize izenez izendatzen duguna. Izan ere, ein batean garai haietan Akize oraindik ere euskalduna izan zitekeen eta erromatarrek emandako Aquae Tarbellicae izenaren ordez Aquis Vasconiae izena jasotzen duten dokumentu arrasto murritz batzuk ditugu, txanponak hauen artean:

Karlomago errege eta enperadoreari (768-814) egozten zaion zilarrezko Akizeko oboloa – 0,72gr

Aurkia: Karolus-en monograma karolingiarra

Ifrentzua: AQVIS (Aquis Vasconiae, gaur egungo Akize) (Kristau gurutzea)

JEAN ELSEN & SES FILS S.A., AUCTION 144, LOT 904 14.03.2020

Luis Errukitsua, Akitaniako erregearen (781-814) eta enperadorearen (814-840) izenean landutako Akizeko zilarrezko dirua – 1.39gr – 21mm

Aurkia: H LVDOVVICVS IMP (Kristau gurutzea)

Ifrentzua: AQVIS VASON (Aquis Vasconiae, gaur egungo Akize)

MONNAIES D’ANTAN, AUCTION 19, LOT 447 21.05.2016

Ernest Gariel-ek 1885 urtean “Les monnaies royales de France sous la race carolingienne” liburuan aurkeztutako Luis Errukitsuaren Akize-ko diru ale aldaki desberdinak. Enkanteetan hirugarren aldakia baina ez dut aurkitu

Pipin II, Akitaniako erregearen (839-852) izenean landutako zilarrezko oboloa – 0.45gr 16mm – Ziurrenik Bordelen eta ez Akizen landua.

Aurkia: PIPINVS REX (Kristau gurutzea)

Ifrentzua: AQVITANIA

INUMIS, MAIL BID SALE 12, LOT 359 22.10.2010

Pipin II, Akitaniako erregearen (839-852) izenean landutako Akizeko zilarrezko dirua – 1,60gr

Aurkia: PIPINIVS REX EQ (Kristau gurutzea, lau besanterekin)

Ifrentzua: AQVIS VRBI (Templu gurutzeduna) Aquis Hiria, gaur egungo Akize

FRITZ RUDOLF KÜNKER GMBH & CO. KG, AUCTION 227, LOT 2161 14.03.2011

Karlos Burusoila, Akitaniako eta Frantziako erregearen (839-877) izenean landutako Akizeko zilarrezko dirua – 1.57gr

Aurkia: CARLVS REX FR (Karolus-en monograma karolingiarra)

Ifrentzua: AQVIS VRBS (Kristau gurutzea) (Aquis Vasconiae, gaur egungo Akize (Dax))

JEAN ELSEN & SES FILS S.A., AUCTION 125, LOT 1072 13.06.2015

Liluragarria da Okzitanierak, Gaskoierak eta geroago Frantsesak “Civitas de Aqvis”, DAX (d’achs) bihurtu duten bitartean, nola euskararen AKIZE-k bere izendapen latindar garatuaren islada ekarri digun. Barskunes eta Baskunes hitzak daramatzaten denario eta as aleei buruz eztabaidatu daitekeen arren, Akize-ko ale hauek dira baskoien izena historian zehar aurkezten duten txanpon ale bakarrak. 

Pipin II.ak bere osaba Karlos Burusoilaren aurkako gudua galdu ondoren, Baskoniako dukerriaren lurraldeetan babestu, baina Antso II. Baskoniako dukeak Frankoen errregeari entregatu zion. Antso izan zen errege Frankoari omenaldia azkenengoz egin zion dukea, 853. urtean ain zuzen ere. Hemen ere bukatzen dira Akize-ko txanponketak, Karlos Burusoilaren erregealdikoak bait dira ditugun azken zantzuak.

IX. mendearen erdialdetik aurrera, baskoniako dukerriak Iruñako erresumarekiko betiko lotura estuak mantentzen ditu baina era berean piskanaka, iparralderantz, Akitaniako eta Frantziako erresumaren barne diren konterri eta dukerriekin zituen harremanak ere garatzen joan zen. Era Berean, duke desberdinek, dukerria seme desberdinen artean, konterri eta bizkonterri desberdinetan zatikatzeko ohitura hartu zuten. Garai hauetan bikingoek agerpen iraunkorra dute Baskoniako lurraldeetan eta dukeek etengabe ibili behar izan zuten hauen aurka.

Elementu baskoiaren garrantzia apaltzen dihoala dirudi eta latinizatutako iparraldeko elementuek garrantzi handiagoa hartzen joan ziren, geroago okzitanieraren eta gaskoi hizkuntzaren sorrera eta garapenaz bermatuko dena. Era batean, baskoien energiak hegoaldeko Iruñako erresumarekin partekatu zirela dirudi eta indarra galtzen doaz iparraldeko dukerriaren eremuetan barne.

Iparraldearekin sakondutako erlazio hauen ondorioz, Baskoniako Gilen II. Santxitz dukea Bordeleko Konte bihurtu zen 970-980 hamarkadaren barruan. Gilen II. Santxitz-ek, Gartzia I. Iruñako erregearen alaba zen Urraca hartu zuen emaztetzat. Gilen Iruñean ezkondu zen.

Ordurarte, Baskoniako dukeek ez zuten txanpongintzarik landu bere lurraldeetan, baina Bordelek bazuen txanpongintza usadio luzea. Gilen-ek, usadio horri jarrraipen emanez, baskoniako duke batek landutako lehen txanponak sortu zituen.

Txanpon hauek Karlomagno-k ezarritako zilarrezko diruen tamaina eta pisu patroia jarraitzen dute. Irudiek ere, Karlomagnoren diruek erakutsitako kristau gurutze eta monograma karolindar desitxuratua aurkezten dute. Iruditextuak berriz, Gilen-en Santxo abizena eta Bordeli erreferentzia egiten dion “BUDEGAL” textua erakusten du. Ez da beste aipamenik, ez baskoniari ez duke edo konte izaerari; argi da Bordel hiriko txanponak direla, baina baskoi duke baten izena lehen aldiz erakusten dutenak.

Gilen II.a Santxitz (961-996) Baskoniako duke eta Bordeleko Kontearen izenean landutako zilarrezko dirua – 1.10 gr, 19mm

Aurkia: SANCHVS (Kristau gurutzea)

Ifrentzua: BUDEGAL (Monograma karolingiotar desitxuratua)

CLASSICAL NUMISMATIC GROUP, INC., ELECTRONIC AUCTION 531, LOT 1318 25.01.2023

Gonbaraketa moduan, ikus dezagun Karlomagnoren agintepean Garona ibaiaren ibarrean den Agen hirian landutako diru baten argazkia. Parekotasunak nabarmenak dira.

Karlomagno (768-814) enperadorearen izenean landutako Agen-ko zilarrezko dirua – 21,4 mm, 1,65 gr

Aurkia: CARLVS REX FR (Kristau gurutzea)

Ifrentzua: AGINNO (Monograma karolingiotarra KRLS)

INUMIS, MAIL BID SALE 34, LOT 210 11.10.2016

Ez dugu ahaztu behar, gaur egunean aditu gehienek Iruña eta Aragoi-ko erresumen lehen txanponketak 1076. urtetik aurrera abiarazten dituztela. Kasu honetan, mende eta mende erdi bat lehenagoz landutako aleez arituko gara.

Gure Gilen Dukearen diruek badute beste aparteko garrantzi bat. Irungo Ama Xantalengo ermitan egindako indusketetan Gilen-en bi diru ale aurkitu ziren. Indusketa hauek, Gipuzkoan aurkitu diren erdiaro garaiko aztarnarik garrantzitsuenen artekoak argiratu eta antzinaroko Oiasso hiri baskoi eta erromatarraren oinordeko diren tenplu eta elizaren balioa ezagutarazi dizkigute. Hauez gain, erdiaro garaian Uartze-ko kaiak zuen itsas merkataritza elkarremanen lekuko dira eta elkarreman hauek Gipuzkoak (eta ondorioz Nafarroako erresumak) Baskoniako dukerriarekin zituen loturak argi aurkezten dizkigute.

Ermita de Ama Xantalen - Abadias, Iglesias, Monasterios, Prioratos en Irún  - Guide du Pays Basque

Ama Xantalengo Ermita eta bertako Aztarnategiaren arrastoak – Guide-du-PaysBasque.com

Ez dira hemen bukatzen Baskoniako dukeek landu zituzten txanponak. Gilen II. Santxitz eta Urraca bere emaztearen bi semeek izan ziren jatorrizko baskoniar etxearen hurrengo eta azken dukeak. Eta biek landu zituzten txanponak Bordelen. Aitaren arrastoa jarraitu zuen lehena Bernart I.a Gilen (996-1009) dukea izan zen. Hona hemen Bernart-en izenean landutako diru alea, Pariseko liburutegi nazionaleko alea.

Bernart I.a Gilen (996-1009) Baskoniako duke eta Bordeleko Kontearen izenean landutako zilarrezko dirua

Aurkia: BERNARDV (Eskua beherantz begira)

Ifrentzua: BURDIGAL (Kristau gurutzea)

Frantziako Liburutegi Nazionalaren alea

Diru honen itxura eta iruditextu berberak dituzten obolo diru erdiak ere landu omen ziren, hala adierazten dute nik irakurri ditudan katalogo eta liburuek, baina ez dut inon obolo ale hauen adibide fisikorik aurkitu. Nabarmena da Bernart-en diru eta oboloetan ageri den eskuaren sinboloa, azken garaietan eskuek euskal irudigintzan duten garrantziaren ispilu ironikoa.

Bernart-en oinordekorik gabeko agintaldiaren ondoren dukerria Antso VI.a Gilen (1009-1032) bere anaiaren eskuetara pasa zen. Antso Gilenek egonaldi luzeak igaro zituen Iruñako gortean eta 1010 urtean Antso III. haundiaren, hau da Nafarroako erregearen lagunartean aurkeztu zen Frantziako erregearen aurrean. Argi zen, zein erregeren menpe jarri nahi zuen dukerria.

Antso VI.a Gilen dukearen irudia

Genealogia dos Reis de Portugal, Lisboan argitaratutakoa 1530-1534. Wikipedia Commons

Antso VI.a Gilen (1009-1032) dukearen txanponketei begiratu ezkero, zalantza pare bat etorriko zaizkigu begietara. S izkia agertzen duen ale eredu baten salbuespenez, ale eredu gainontzekoek lau gurutze txiki, hiru gurutze txiki eta eraztun bat edo bi gurutze txiki, besante bat eta eraztun bat aurkezten dituzte aurkian. Aleak urriak dira eta batez ere lau gurutze txikiak aurkezten dituztenak, ez dute egozpen garbirik, geroagokoa den Gilen IX. Akitaniako dukeari egozten bait dizkiete aditu batzuek.

Datu hau argitu ondoren, zera esan dezakegu: S izkia eta hiru gurutze eta eraztuna agertzen dituzten aleek behintzat nahiko egozpen ahobatezkoa dute, hau da Antso VI.a Gilen jatorrizko baskoniar etxeko azken dukearen aleak dira. Berriz ere ezin izan dut S izkia duen ale baten adibide fisikorik aurkitu baina hona hemen beste ereduaren Frantziako liburutegi nazionalaren alea:

Antso VI.a Gilen (1009-1032) Baskoniako duke eta Bordeleko Kontearen izenean landutako zilarrezko dirua

Aurkia: GVIVEVMS (Hiru gurutzez eta eraztun batez osatutako gurutzea)

Ifrentzua: BURDEGMV (Kristau gurutzea)

Frantziako Liburutegi Nazionalaren alea

1860-1861 urteetan Benjamin Fillon Idazleak Jean Rousseau bildumaren barnean deskribatutako Antso VI.a Gilen-en S izkidun dirua 1,12gr

1860. urtean Faustin Poey D’Avant idazleak azaldutako jatorrizko Baskonia etxeko Dukeen txanponen zerrenda

Hemen bukatzen dira gure Baskoniako dukeen txanponak. Antso VI.ak ez zuen oinordekorik izan eta dukerria Prisca (edo Santxa beste iturri batzuen arabera) bere arrebaren bidez erlazionatutako Poitiers eta Armagnac-eko etxeetara pasa zen, arik eta 1053. urtean Baskoniako dukerriak Akitaniako dukerriarekin betirako bat egin zuen arte.

Bere bizitzan zehar, Antso VI.ak ezin izan zion aspalditik zetorren joera arriskutsuari buelta eman; pixkanaka pixkanaka dukerria konterri eta bizkonterri txikiagoetan azpibanatzen joan zen eta konterri hauek izango dira ondorengo urteetan indarra hartuko dutenak. Izen ezagunak ditugu konterri berri hauen artean, Biarno, Labrit, Bigorra, Tartas, Tursan… edo eta Lapurdi eta Zuberoa bera.

Baskoniako Dukerria 1030 urte aldera, Antso VI.aren azken aginte urteetan – WIKIPEDIA COMMONS

Ubicación de Vasconia

Baskoniako Dukerria osatu zuten lurraldeen garapena 1150 urte aldera – WIKIPEDIA COMMONS

Eta hona hemen nola aurkezten duen bere burua Joana III. erreginak, 1569. urtean idatzitako dokumentu batean:

Jehanne, par la grâce de Dieu, Royne de Navarre, dame souveraine de Béarn, duchesse de Vendosmois, de Beaumont, d’Albret, Nemours, Gandie, Montblanc et Pennefiel, contesse du [Foix], d’Armaignac, de Rodetz, Conversan, Marle, Bigorre et Pierregort, vicontesse de Lymoges, de Lautrec, de Villemur, Marsan, Tursan, Gaverdan, Nebousan, Tartas, Alhas, et de Marennes”

Foix-Labrit etxea izan zen Baskoniako dukerria eta Nafarroako erresuma biltzear izan zen errege etxerik arrakastatsuena, baina oraingoan Pernando bat eta haren oinordekoak gurutzatu ziren haien bidean, eta ez ziren Amezketakoak…

Nafarroako erregeetxearen lurraldeak – Labrit-Foix-Borboi – Bearne eta BeheNafarroa estatu burujabeak ziren, eta ez ziren Frantziako koroaren lurralde feudalak

Gaztela eta Aragoi-ko erresumetan eduki beharko lituzketen lurraldeak ez dira ageri, Castellbo-ko bizkonterria bakarrik

BeheNafarroa eta Biarno ez ziren 1607. urtean Frantziako erresuman sartu, 1620. urtean Luis XIII. erregearen agintaldian baizik

Bibliografia:

Moneda medieval navarra –Manual de Numismatica – Miguel Ibañez Artica – 2021

Novedades sobre la Alta Edad Media en Guipúzcoa, datos arqueológicos – Ignacio Barandiarán – 1975 – link

LES MONNAIES FRANCAISES FEODALES – Tome 1 – Jean Duplessy (In Memoriam 1929- 2020) – 2004

LES MONNAIES D’AQUITAINE – Bruno collin, veronique lecomte-collin – 2023

The coinages of Pippin I and II of Aquitaine – SiMon COUPLAND – 1989 – link

Oiassoko erromatar kaiaren arrastoak Goi Erdi Aroan – Iñigo Ruiz Arzalluz – KM Kulturunea – link

Monnaies féodales françaises – Jean Rousseau, Benjamin Fillon – 1860 – link

Monnaies féodales de France – VOL2 – Faustin Poey d’Avant – 1860 – link

Monnaies Féodales Françaises – Emile Caron – 1882 – link

Les monnaies royales de France sous la race carolingienne – ERNEST Gariel – 1885 – link

Moneda de Euskal Herria – Pablo María Beitia Arejolaleiba – 2018

* beharrezko atalak

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

1 thought on “Baskoniako Dukerriaren Txanponak”

  1. Pingback: Baskoniako Dukerriaren Txanponak • ZUZEU

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude