Donapaleuko Azken Bederatzi Aleak

Lehengo astean, „Nueve Reinas“ deritzon filme argentinarra ikusi genuen etxean gure haurrekin. Filme honetan, Weimar errepublikako bederatzi zigilu apartekoen inguruko historioa kontatzen dute. Pentsatzen gelditu nintzen, ba al ditu euskal txanpongintzak bere bederatzi erreginak? Ba bai jauna, baina kasu honetan, bederatzi erregeak izendatu beharko genituzke!

Jean Warin, zizelkatzaile eta grabatzaile herbeheretarraren izena ospe eta ohoretsu ageri zaigu txanpongintzaren historian. Pariseko Monnaie du Moulin txanponetxearen jabetza lortu ondoren eta Richelieu kardinalaren babesari esker, Warin-ek frantziar erresumako txanpongintza sistema goitik behera aldatu zuen.

Frantziako erresuman orohar eta industrialki bolantezko prentsaren erabilera zabaldu izana berari zor diogu, mailu bidezko txanpongintza 1640. hamarkadaren zehar debekatu ondoren.

Diderot eta d’Alembert-en entziklopedian agertzen den bolantezko prentsaren irudia – Wikipedia

Era berean, berari zor dizkiogu frantziar txanpon eta medaila iruditegiak sortutako diseinu eder eta liluragarrienetako batzuk.

Gaur eguneko Belgikako Lieja hirian jaio zen Jean 1604. urtean. Aita, dagoeneko txanpon grabatzailea zen eta 1626. urtean Parisera lekualdatu zen. Monnaie de Moulin-en jabetza eta Richelieuren babesa lortu ondoren, 1640. urte hamarkadan txanpon irudi desberdinen egilea izan zen, harik eta 1647. urtean Frantziako txanponen grabatzaile orokorra (graveur général des monnaies de France) bihurtu zen arte.

Urte horretatik aurrera, erresuma guztian zehar zabaltzen ari ziren bolantezko prentsa bidez landutako txanpon irudien egile eta hauek lantzeko erabiltzen ziren puntzoien lantzaile izan zen.

Geroago txanponetan irudikatzen ziren irudiak, medaila eta dominetan lantzen zituen lehenengoz. Hona hemen, Luis errege haurtxoa eta bere ama Austriatar Ana irudikatzen zituen 1645. urteko domina.

Jean Warin grabatzaileak sortutako medailetako bat – Austriatar Ana erregina eta Louis XIV erregea 1645. urte inguruan – Zilarra, 70 mm

Donapaleuko txanpontxean 1652. urtean txanpondu ziren mailu bidez sortutako azken aleak (urte honetako bi ale baino ez dira ezagutzen). Urte berean, 1652.an, bolantezko prentsa berri eta ahaltsua jarri zen martxan eta ondorioz, lehenengoz, Jean Warin grabatzaileak landutako irudia zeramaten Luis III. Nafarroako erregearen zilarrezko ezkutu ederrak agertu ziren.

Mailu bidez 1651. urtean Donapaleuko txanponetxean landutako azken zilarrezko ezkutu laurdenetako bat – 9.62 gr, 32 mm

Aurrealdea: LVDOVICVS.XIIII.D.G.FRANC.ET.NAVA.R

Atzealdea: GRACIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1651 V (V izkia Jean Verdoye txanponetxeburua)

Baiona, Donapaleu, Morlaas eta Pau-ko txanponetxeak izan ziren bolantezko prentsak jaso zituzten frantziar txanponetxe azkenetarikoak. Baiona eta Pau 1650. urtean, eta Morlaas eta Donapaleu 1652. urtean hasi ziren makina berriak erabiltzen.

Ile-xerlo luzearen irudia duen Luis XIV. erregearen Donapaleuko zilarrezko ezkutua – Jean Warin-en erretratoa – 27,11gr 39,1mm

Aurrealdea: LVD.XIIII.D.G.FR.ET.NA.REX V (V izkia Jean Verdoye txanponetxeburua)

Atzealdea: SIT.NOMEN.DOMINI.BENEDICTVM.1653 (Bihotza – Simon d’Armagnac Donapaleuko grabatzailea)

Ile-xerlo luzearen irudia zuten zilarrezko ezkutuak hamar urtetan zehar landu ziren Donapaleuko txanponetxean. Ezkutuez gain, hauen zatiki ziren, ezkutu erdiak, ezkutu laurdenak eta bestelakoak landu ziren baita ere, baina produkzioaren atal handiena zilarrezko txanpon handi eta eder hauen lanketan bideratua zegoen.

Bapatean 1662. urtean, Denis Genisseau, Frantziako txanponetxeen arduradun orokorrak, Pau, Morlaas eta Donapaleuko txanponetxeen itxiera agindu zuen. Biarno eta Nafarroa Behereko erakundeek gogor egin zioten protesta, hiru txanponetxe hauek Nafarroako kontu ganbararen (Chambre des Comptes de Navarre) eta ez Frantziako txanpon gortearen (Cours des Monnaies de France) menpe bait ziren.

Itxiera honen ingurukoek bere blog sarrera berezia merezi dute eta ez gara gaurkoan beraiei buruz mintzatuko. Zera esango dugu soilik; zortzi hilabete lehenago Pau-ko txanponetxearen berrirekiera lortu zen era berean, 1663. urtearen bukaeran Donapaleuko txanponetxea berrirekitzea lortu zen. Hala ere, Morlaas-eko txanponetxerean historia luzea behin betirako eten zen 1662. urte horretan.

1664. urtean berriro ere hasitako txanponketa lanek, Jean Warin-en errege irudi berria erabili zuten. Kasu honetan, 1664 eta 1671 urteen artean landutako aleek, gaztetako busto edo irudia deritzona erabili zuten. Donapaleuko txanponetxearen azken bederatzi bizitza urteetan, 3 liberatako (60 sueldotako) balioa zuten zilarrezko ezkutuak eta urrezko ale eskax batzu landu ziren soilik. Azken garaialdi honetan ez zen zilarrezko ezkutu zatikirik landu.

Luis XIV. Erregearen gaztetako irudia duen domina – Suitzar herriekin ituna – Jean Warin, 1663 Paris

Zilarra 55,6 mm 83,92 gr 12 h

Luis XIV. erregearen gaztetako irudia duen Donapaleuko zilarrezko ezkutua – Jean Warin-en erretratoa –

Aurrealdea: LVD.XIIII.D.G.FR.ET.NA.REX

Atzealdea: SIT.NOMEN.DOMINI.BENEDICTVM.1671 – Francois de Noir txanponetxeburua (Izarra)

Jean Warin 1672.ko abuztuaren bukaeran hil zen. Hil baino lehen, 60 sueldotako zilarrezko ezkutuetan ageri beharreko errege irudi berriaren puntzoiak zizelkatu zituen bi txanponetxeentzat, Paris eta Toulouseko txanponetxeentzat alegia.

Erretratu berria, “itzulpen gerra” delakoan zehar hasi zen erabiltzen lehenengoz, zehazki 1667 eta 1668 urteen artean landutako medailetan. Erretratu berri honek, Luis XIV.aren ile xerlo luzearen eta gaztetako busto irudiekin hautsi zuen, hauek aintzinatean iradokituta bait ziren. Kasu honetan, 1672. urteko apirilak 6.an hasi berria zen Herbereen aurkako gerraren ildoan ederki egokitzen zen erretratua.

Luis XIV. erregearen gorbata irudia aurkezten duen 1671 urteko urrezko medaila – Jean Warin.
50,00mm, 62,25 grs. – Eguzki erregea

NEC PLVRIBVS IMPAR – “Aldi berean hainbat zereginetarako egokitua”

Erretratu berriak, militar uniformean aurkezten zuen Luis XIV. erregea, bular babesa soinean, guda zelaiko general gisa, lepoaren ingurutik ateratzen zitzaion gorbata jazten zuelarik. Hain zuzen ere, gorbata honek eman zion izena irudiari, hau da Luis XIV. erregearen irudi gorbataduna.

Bere heriotzaren egun gutxi batzuen aurretik, 1672. urteko abuztuaren 4.an, Warin-ek errege irudi berria zuen puntzoi bat utzi zuen txanpon gortean (Cour des Monnaies de France). Puntzoi hau, sei urte lehenago berrireki zuten Toulouseko txanponetxearentzat zen.

Hala ere, Toulouseko txanponetxearen bolantezko prentsa ez zegoen 27 gramotako zilarrezko ezkutuen lanketarako egokitua. Ondorioz, Christian Charlet adituaren arabera, Claude Thomas Frantziako txanponetxeen arduraduna eta Touloueseko txanponetxearen zuzendaritzaren ordezkariak, Francois Le Noir Donapaleuko txanponetxeburuarekin harremanetan jarri ziren.

Donapaleuko txanponetxeak arazo ederra zuen eskuen artean momentu horretan. 1671. urtearen bukaeran, diru faltsuketaren aurkako ikerketa batek, txanpon lanketarako zituen errege gazte irudiaren puntzoi eta trokel guztiak erretiratu zizkion. Oraindik ere ba zuen zilarra bere gordailuetan, baina zilar hura lantzeko trokel baterik ere ez.

Ondorioz, badirudi hiru alderdiek puntzoi berria Donapaleuko txanponetxera bidaltzea erabaki zutela. Baina 1672. urteko irailaren 28.an, Claude Thomas-ek Frantziako txanponetxeen arduradun postua galdu zuen, eta honen ondorioz Donapaleuko txanponetxea behin betirako itxi zen. Nafarroa Behereko gorteek txanponetxearen berrirekiera eskaerak zuzendu zizkioten Frantziako Txanpon gorte eta Luis erregeari, 1673, 1674, 1675, 1678, 1684 eta 1687. urteetan. Eskaera guzti hauek, ez zuten erantzunik izan eta 1687. urtean bertan, Donapaleuko bolantezko prentsa eta txanpongintzarako utileria guztia Baionako txanponetxera garraiatu zen. Hirurehun bat urtetako txanpongintza historia behin betirako bukatu zen eta bertako ekonomiarentzat golpe mardula izan zen, honelako txanponetxe batek gutxienez ehun bat langileri ematen bait zion lan.

1672. urteko abuztu bukaera eta urri hasieraren artean, erregearen gorbata irudia zuten 29.651 ezkutu ale landu ziren, 3296 marko, ontza bat eta 21 dirutako pisu orokorrarekin. Parisen landutako aleekin batera, errege gorbata irudia zeramaten 1672. urteko ezkutu ale bakarrak izan ziren. Errege gorbataren irudia Baiona eta Rennes-eko txanponetxeetara zabaldu zen 1673. urtean, Lyon-era 1676.an, eta azkenik 1679. urtean Frantziako gainontzeko txanponetxeetan orokortu zen.

Pariseko txanponetxean, 1672. urtean eta Warin-en puntzoien bidez sortutako ezkutu aleen arrastorik ez da berriro aurkitu. Donapaleuko txanponetxearen kasuan, landutako 29.651 ale guzti horietatik 9 ale ezagun baino ez zaizkigu iritsi gure egunetaraino; hona hemen gure txanpongintzaren zilarrezko „bederatzi erreginak“. Dirudienez, ale denak esku pribatuetan dira, hau da museo edo bilduma publiko handiek ez dute inongo alerik beraien erakusleku edo gordailuetan.

Eta jakina denez, honako ale eskasiaren ondorioz eta urte honetako txanponek duten esanguratasunak bultzatuta, bildumazaleek barra barra botatzen dute dirua aleren bat enkantetxeetan agertzen den paradetan. Azken urteotan, bederatzi ale hauetatik sei atera dira salmentan. Nik Chistian Charlet-ek emandako zenbakikuntza jarraitu dut, geroago azalduko duguna. Hona hemen, azken urteotan enkantetxeetan agertutako sei ale hauek:

The Bru Sale enkantetxeak 2011 urteko Abenduak 9an saldutako ezkutua – 26,97gr, 6h – 18.000€ – Blandine Bilduma – 6. ale bezala deskribatua

Inumis enkantetxeak 2018 urteko urriak 9an saldutako ezkutua – 26,94 g 6 h 38,1mm – 9.277€ – JD Bilduma – 8. ale bezala deskribatua

cgb enkantetxeak 2021 urteko martxoak 9an saldutako ezkutua – 27,17 g 6 h 39,0mm – 13.550€ – 9. ale bezala deskribatua

cgb enkantetxeak 2021 urteko ekainak 15an eskainitako ezkutua – 27,07 g 6 h 38,0mm – 8.000€ irteera prezioa, eskeintzarik ez – Claoue bilduma – 4. ale bezala deskribatua

Burgan Numismatique enkantetxeak 2021 urteko azaroak 12an eskainitako ezkutua – 26,98g – 12.000€ – Jean Vinchon 1977 salmenta – Montalent Bilduma – 1. ale bezala deskribatua

CGB enkantetxeak 2022 urteko Irailak 6an eskainitako ezkutua – 26,82gr – 2500€ – Eroslerik gabe – Galerie Numismatique Drouot 1979. urriak 26 salmenta – Charlet Bilduma – 2. ale bezala deskribatua

Ikus daitekeenez, poltsikua bete betea behar da, ale hauetako bat eskuratzeko xedea bururatu ezkero. Azken bi urteak oso onuratsuak izan dira enkantetxeen erremate prezioetan (saltzaileentzat esan nahi dut noski) eta ondorioz 2021 urtean soilik, hiru ale aurkeztu ziren salmentara.

Hala ere, sei ale hauez gain, gainontzeko hiru aleak ere aurkezten dizkigu Christian Charlet-ek bere lan desberdinetan. Zoritxarrez, lan hauetako bat ez dut aurkitzerik izan eta zazpigarren alea falta da sarrera honetan. Hona hemen lehenengo eta seigarren aleen arteko bilduma (izkiek txanponketaren denborazko segida adierazten dute, A lehena, F azkena):

Christian Charlet-ek egindako lanaren begirada – Lehenengo, bigarren eta hirugarren aleak

Christian Charlet-ek egindako lanaren begirada – Laugarren, bostgarren eta seigarren aleak

Amaitu aurretik, txanpon atzealdearen itxurari buruz hitz egin beharrean gara. Textuaren eta urtearen artean azaltzen den izarra, Francois Le Noir txanponetxeburuaren ezaugarria da. Aurrealdean azaltzen den eguzkiaren irudia grabatzailearen ezaugarria izan beharko litzateke, baina gaur egun, eta Armand Clairand eta Christian Charlet ikerketan ari badira ere, grabatzaile honen izena ezezaguna da.

1672. urteko txanponek ba dute atzealdean beste ezaugarri berezi bat, Nafarroako erresumaren armarriari dagokiona alegia. Armarri honek, Donapaleuko txanponetxearen historian lehengo (eta baita azkenengo) aldiz, kateak azaltzen ditu ohiko karbunkoaren ordez.

Christian Charlet-en ustez, honako honek atzealdeko puntzoi eta trokelak, Donapaleu bertako grabatzaileren baten zeregina izan zirela adierazi omengo luke. Nire iritziz ordea, honek erabat kontrakoa erakusten du. Bertakoek argi zuten, Nafarroako armarri jatorrizkoa karbunkoarena zela, hala irudikatu bait zuten txanponetxearen hirurehun urtetako historia guztian zehar. Orain berriz, grabatzaile atzerritar ezezagun batek, agian Jean Baptiste Dufour delakoak, aspaldidanik edonon zenbiltzan Navas de Tolosako kateen inguruko kontakizunak aintzakotzak hartu eta benetako Nafar armarria, kateena zela ondorioztatu zuen. Gertakari berbera eman zen XVI. eta XVII. mendeetan zehar Iruñako txanponetxean landutako aleetan.

Pau-ko grabatzaileek, Biarnoko armarria erakusten zuten aletean beti mantendu zuten karbunkoaren irudia, harik eta 1704.an azkenengoz landu ahal izan zuten arte. Izan ere, garai honetako Biarnoko armarriak Nafarroakoa zuen bere barne.

Pau-ko txanponetxean, Biarnoko armarria erakusten duen azken aleetako batzu. Pau-ko txanponetan, Nafar armarriak beti karbunkoaren irudia isladatzen zuen – 1702 eta 1704 – Bigarren kasuan txanponbudin erreformatua, lehenagoko lehen txanpon baten gainean landua

XVIII. mendetik aurrera, Pariseko grabatzaileen irudien arauera landutako frantziar txanponetxeetako txanponetan, Nafarroako armarria kateen bidez irudikatu zen behin betirako.

Luis XV.aren Ecu de Navarre edo Nafarroako ezkutua – 1718 – 38mm, 24,65gr – Pariseko txanponetxea – George Röettiers grabatzailea – Monakotik bilduma

Luis XV.aren urrezko Louis erdia – 1727 – 4,08gr – Baionako txanponetxea – Arrosa, Philippe I Ninon grabatzailea – Erromboa, Jean Lacroix txanponetxeburua

Bibliografia:

Bulletin Numismatique 205 – Février 2021 – CGB.fr – UN NEUVIÈME ET BEL EXEMPLAIRE DE L’ÉCU DE LOUIS XIV, DIT «À LA CRAVATE», FRAPPÉ À SAINT-PALAIS EN 1672 – Christian Charletlink

Les monnaies béarnaises de Louis XIV (II) – Christian Charlet – link

Nouvelle Vente sur Offres de monnaies, médailles, jetons – iNumis 43 – Inumis enkantetxea, Christian Charlet -2018 – link

Une utilisation à Saint-Palais, en 1672, d’un poinçon d’effigie destiné à la Monnaie de Toulouse? – Christian Charlet, BSFN Ekaina 1994 – link

Le rarissime et insolite «écu de Navarre à la cravate» frappé à Saint-Palais en 1672, BSFN, avril 2013, p. 80-82 – Christian Charlet, Emmanuel Henry – link

Deux nouveaux exemplaires inédits de «l’écu de Navarre à la cravate», frappé à Saint-Palais en 1672, BSFN, février 2014, p. 58-61 – Christian Charlet, Emmanuel Henry

Régie générale des monnaies de France de 1666 à 1672 – Fernand Arbez – 1994 – link

JEAN WARIN – Wikipedia – link

* beharrezko atalak

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

3 thoughts on “Donapaleuko Azken Bederatzi Aleak”

  1. Pingback: Donapaleuko Azken Bederatzi Aleak • ZUZEU

  2. Buena entrada!!. Grandes piezas!! Mucha historia. El El Reino de los Vascones, simbolizado en las monedas.
    He leído varias veces, que las cadenas de Navarra reflejan un antiguo símbolo Vascon, una estrella de 8 puntas. De ahí la forma de las cadenas. Sabes si eso es así?
    Saludos.

    1. Kaixo Roberto!
      ba egia esan heraldikari buruz ni baino adituagoak ba dira. Baskoiei buruz eta zortzi puntatako izarrari buruz ez dut ezagutzarik. Nafarroako egungo armarriaren kateak, lehenago karbunkulua zirela esaten dute hainbat adituek. Eraldatze hori, XVI. eta XVII. mendeen zehar eman zen, nahiz eta dagoeneko XV. mendean lehen erreferentziak izan. Sancho VI. jakituna hasi omen zen karbunkuluaren armarria erabiltzen eta jakina denez, mende askotan zehar Nafarroako errege etxearen armarria baino ez zen… geroago, aro modernoan zehar lurraldearen sinboloa bihurtu zen arte. Horretatik baskoietara atzera egitea…niri behintzat zaila egiten zait.

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude